Gutuna: 'Zurekin betirako'
Ikerne Zarate Gartziarena HITZAko gure lankideak azken agurra egin dio bere bikotekide Patxi Aristi Etxaideri.
Udaberri betean izoztu zait bihotza. Latza izan da kolpea, maitia, bazoaz.
Umezurtz gelditu zaizkit besarkada eta muxuak, eta zure begiradak ez nau
zure itsaso urdinean murgilduko berriro. Gogorra da oso min hau, izkin
guztiak txikitzerainokoa.Ixilik joan zara, kexarik gabe, hain maitea duzun askatasunerako bidean.
Ondare itzela utzita, ordea: Itzurun eta Garai. Ezabaezina den arrastoa utzi
duzu, etxean, lagun artean eta herrian. Konprometitua muturreraino, langilea,
lagunen lagun inkondizionala, koherentea eta borrokalari sutsua azken
hatsaraino, maitia.Ez dugu erraza izan, eta horrek agian gehiago indartu du gure harremana; 20
urte zurekin, motzegi izan dira. Zintzilik gelditu zaizkigu hamaika amets, baino
lasai, askatasunerako bide horretan egingo dugu bat berriro, eta banan bana
beteko ditugu guztiak.Harro naiz zutaz; harro zure konpromisoaz, zure izaeraz, zure entregaz,
Itzurun eta Garai dauden bezalaxe aitaz. Gure semeei gogorra egokitu zaie
bidea ere, baina lasai izan zaitezke, aitaren zura beretik ateratako ezpal pare
ederra dugu.Hitz gutxikoa, baina hitzekoa, eskuzabala zinez, ederra kanpotik zein barrutik,
halakoa zara, maitia. Bide berri bati ekin behar diozun honetan, nahi dut
jakitea ohorea izan dudala bizitza eta ametsak zurekin partekatzea eta
eraikitzea, zailtasunak zailtasun gure bidea egitea.Maite zaitut infinitoraino.
Batera edo bestera zure bidearen parte izan direnei, zure historian ekarria
egin dutenei, eskerrak eman nahi dizkiet; finean ekarri horrek ere egin
zaitulako zarena. Esker mila zinez Patxiren bizitza aberasteko ondar alea jarri
duzuenei; esker mila lagun inkondizionalei.Heriotzaren osteko bizitzan sinisten dutenetakoa ez naiz, baina ziur naiz
Asier zain duzula bidea egiteko, elkarri babesteko.Arin bekizula lurra maitia, zurekin naiz betiko.
Maite zaitut Patxi.