Tolarean
Bi aldiz loratu da aurten etxe alboko sagarrondoa. Irailean eman zuen fruitua lehendabizikoz, urriaren amaieran bigarrenez. Uzta ona eman zuten sagastiek lehen saiakeran, eta horrek eragin du, beste behin, Lezoko sagardogileen sukarra.
Halaxe nabil, pareko baldea sagardoz betetzen den bitartean, gogoetan. Beti izan da sagardorako joera Lezon, baita zukua bera egiteko ere. Pentsa, sagarrondo barietate batek Lezo du izena, sagardotarako primerakoa. Iraganeko dozenatik gora sagardotegietan du jatorria sagardogintzarako afizioak. Oraina, aldiz, ekaineko sagardo festan. Urtero-urtero etxekoa edateko plazera izaten dute lezoarrek, era industrialean ekoiztutakoa beharrean.
Haize zakarrak dotoretutako egun honetan, Zubitxo erreka udan baino emari txikiagoarekin ari da betetzen baldea. Motel baino motelago. Esperoan, sagardogileek gogoz egin beharreko lanak zerrendatzen hasi naiz, denbora pasan. Zuhaitzek soineko gorri-laranjak jantzi eta hostoen dantzak arreta bereganatzean, oharkabean abiatzen da prozesua, kizkiekin sagarrak biltzen. Garbitu eta txikitu egiten dira segidan. Tolareetan prentsatu, eta zizarra biltzen da, lehen zukua. Kupelean jasotzen da ondoren, irakin dezan, hartziduraz azukrea alkohol bihur dadin, ixteko moduan izan arte.
Ez dago erremediorik! Burutazioetan galdu arren, ez dago modurik baldea bete dadin. A ze atarramentua. Herriko baserri bideetatik ibilaldi labur bat egitera ihes egin dit gogoak. Gaintxurizketara bidean, sagastiz sagasti joan da jauzika, erleen pare. Baserriz baserriko paseoan, batzuek izango dituzte oraindik tolare zaharrak, erabilerarik gabe gehienak, sagardogintzaren iraganeko garrantziaren lekuko.
Ia baldearen barruraino sartu dut burua, zizarraren txirrista meharrak iristen direla ziurtatzeko. Irudi batekin egin dut topo han. Ez didazue sinetsiko, baina emakume baten tankera zuen haren aurpegiak. Zain egotearen desesperazioz, Maria Labaien bera ari ote naiz ikusten? Asko aldatu dira ordutik kontuak. Makina modernoekin egiten dira egun urrats nekezenak. Ikustekoa izango zen duela zenbait mende sagar garaia, Mariak eta haren auzokideek kupelak zientoka prestatzen zituzten sasoia. Sagastiak fruituz oparo, auzoko tolarerik galantenak okasiorako prest. Sagarrak tolareen barruan estu, gero eta larriago, izerdi patsetan, harik eta azken tantak erauzi arte.
Ez nuke sagar horien tokian egon nahi, bateko eta besteko hormek estututa, gero eta makurrago. Premiak bultzatuta, behin baino gehiagotan sartuko zituzten sagar pizarrak tolarean, erabat zukutzeko. Berdin aritzen gara bizitzako beste zenbait kontutan ere. Bizimodu kapritxoso honetan, inpresioa dut denbora tolarean sartu eta ahalik eta gehien ekoizteko ahaleginetan aritzen garela.
Tolaretik azken zizar tantak malkotan ari direlarik ohartu naiz gaitz berak jo duela etxe alboko sagarrondoa. Deusetarako balio ez duten sagar nimiñoz osatu du bigarren uzta. Pasako diot abisua hari ere, uzta ona bada, urtean behin ematearekin konformatzen garela.