Irakurri!
Eta zu, ze perretxiko klase zara? Infinitua ihi batean literatura saiakera eserialdi bakarrean irakurtzen duzu, ala papiro orri bakarra bilakatzen zaizu eternitate? Mejillon Tigre kolektiboaren Hitz esana errezitaldia ikusten izan nintzen aurrekoan, eta, gozatualdiarekin batera, hipotesi bat ekarri nirekin. Gaur egun ez da batere irakurtzen, ahozgora irakurtzeko ohitura galdu delako, eta hura gabe ezin direlako ideiak adierazkortasunez helarazi. Era berean, gutxitan idazten dira gauzak ozen irakurtzeko moduan. Egin nahi duzu hurrengoekin aproba?
Tristuraz onartzen dut jendeari ez zaiola literatura gustatzen. Liburu bat esku artean hartu, eta, ufa, hauteskunde aurreko matraka baino astunagoa. Gazte inkonformistari olerki eder bat parean jarri, eta, ufa, ez omen du ezer ulertzen. Testuak arinegiak direnean, ufa, testuak konplexuegiak direnean, ufa. Eta ufadaz ufada ihartzen da idazlearen sormena ere, ufadisten erreinuan deus irakurgarria idazteko ezintasun artean. Malkoak poltsa txiki batean bildu nahian nenbilela antzeman nuen irakurtzea negar egitearen parekoa dela. Bakardadean egiten da. Oraindik orain lotsa ematen du publikoki onartzeak. Egitea bera da askorentzat nekeza.
Ironikoa da, ezta? Irakurtzea muturreko kirola da askorentzat, eta, hala ez denean, jende jantzia arduratzen da hala izateaz. Aurreiritziak eranzten saiatu beharrean, uda betean larruzko jakez egarria itotzen tematzen dira sasijakintsuak. Bitartean, borroka da bide bakarra. Unibertsitatea euskaldunduko dugu, baina lanbide heziketa ez. Hezkuntza euskaldunduko dugu, baina lanbideak ez. Euskaraz irakurtzen ez dakitela diogu, errealitatean, irakurtzen ere ez. Pentsatu ongi eta indarrez, zerk axola dizun zuri, halabeharrez. Bigarrenak ez digu axola, lehenengoak… ere ez.
Amorruz betetzen nau, aitortzen dut, nahi eta ezinak. Liburuak apalategiak edertzeko osagarri garestiak izan, eta haiek irakurtzeko promesa merkeen zurikeria zinak. Kokoteraino nauka zientzietatik joateak ateak irekiko dizkizula aritzeko ohitura txarrak. Bularretaraino, irakurri gabe, hausnarketa, ideologia, kritikotasuna lor daitezkeen utopia zikinak. Milaka kilometro egiteko prest gaude emozio eta abentura bila. Erregai putzuak hustu ahala bete dugu erokeria. Alaskan izan gara, Nevadan, Babilonian, Bilbon, New York-en, Bilbon berriro. Bitartean ez dugu astirik izan liburuak bisitatzeko, presaka gindoazela trenbidez okertu ginelako, pantailen distirak itsututa.
Behin, zientzietan harrapatutako letretakoa naizela onartu nion neure buruari. Gutxiespen korronteari aurre egin beharrean, tarteka izan naizela ni ere gutxiesle. Irautera olerki liburuaren atalak Castillo Suarez berarekin ozen eta irrikaz irakurtzen ari ginela oroitu nuen iraganean iskin egiten niola elkarren segidako hizkiek sabelean egindako kili-kiliak sentitzeari. Arduraz bizi dut orain irakurzaletasunaren krisia, ez baitakit ongi nora eramango gaituen argi distiratsuen xerka aritzeak. Ahozgora ez da irakurtzen asko, bestela ere ez. Izango du zerikusia ziurgabetasun testuinguru honetan ez dakigula testuei zein doinu eman: larritasunez irakurri behar dugun, tristuraz, amorruz, soseguz, ala liburua utzi eta korrika hasteko unea den.