Mareak
Marea biziko garaiak dira, eta beti eragin izan didate kuriositatea marea igotzean toallak bustitzen zaizkien horiek. Nora begira daude? Non dute burua? Non bizi dira? Behin edo behin ikusitako zerbait izango balitz, lasai egongo nintzateke, baina makina bat aldiz ikusi ditut oihalak eta zakuak bustitzen marea igo ahala. Hendaiako Ondarraitzen. Hondarribian. Azken aldiz, Alabortzan bertan.
San Pedroko itzala baztertu, eta heldu zara uda betean Donibanera puntetarako bidexkatik. Beste hainbeste bezala, lan gogor egin ondoren, eguzkitan lasai ederrean egotera zoaz. Gune lau batean etzan, eta inolako kezka edo burutaziorik gabeko eremua amesten duzu. Iritsi bezain pronto, aldiz, ohartzen zara udalak egokitutako harmailak eta dutxek, zu bezalako beste hainbat ere erakarri dituztela, eta ongi erabaki beharko duzula non jarri. Marea jaisten ari dela baldin badakizu, askeago aukera dezakezu tokia. Ez badakizu mareak zein intentzio daukan, hobe goialdean jarri, estuago bada ere, badaezpada.
Estutasun horrek eragin du albokoari erreparatzea. Estutasunak eta 1100Wko potentziako bozgorailu puskak erregetoi erritmoan dantzan. Herriko gazteak dira batzuetan, ingurukoekiko ezaxolaz. Udal igerilekuen eta garraioaren prezio garestiek beste nonbaitera joatea galarazitakoak izan ohi dira beste batzuetan. Gure aiton-amonak inguruko eremu naturaletara joaten ziren era berean joaten dira, frexkera aldean hartuta, diferentzia batekin, 1970eko hamarkadan Extremaduratik eta Caceresetik etorritakoen aldean, hauek bestelako azal kolorea izan dezakete.
Ez dakit zer datorkizun burura Alabortzara joan eta langile familiaz lepo topatzean. Agian nik bezala pentsatzen duzu arazoa igerilekuen prezioan dagoela, aukera gehiago izan ditzaten gainerakook bezala, baina zoritxarrez bestelako iritzi eta iruzkinak gero eta gehiago ari dira zabaltzen.
Aurrekoan jakin nuen Espainiako ultraeskuinak xaxatuta webgune batean bilduta daudela etorkinek egindako labankadak, eta susmoa dut Espainiatik inportatutako arrazakeria hori auzo barruraino ari zaigula sartzen. Beti eragin izan didate kuriositatea marea igotzean toallak bustitzen zaizkien horiek. Gizarte kohesioa arrakalatu dezakeen arrazakeriaren aurrean, nora begira gaude? Non dugu burua? Non bizi gara? Marea biziko garaiak dira.