Hautaketak
Dinorasauroez aritu nahi dut zutabeetan. Jaizkibelgo txilar landareez. Aldaketa globalak ekarritako bero itogarriaz. Baina ezin dut. Ez naiz gai. Gaia aukeratzeko unea iristen den aldiro, herri santu honek behin eta berriz izorratzen dizkit makina bat hizketagai. Erdizka geratzen dira halakoetan, eta atzera kobazulora itzuli. Zirriborroen karpetan gorde ditut argitaratzeko bezain eder daudela ez dakiten izen xelebreko zutabeak.
Selektiboa naizela esan izan didate inoiz. Baina ez dut sekula jakin adjektibo hori piropoen kutxan ala kritikenean sailkatu. Bertuteen multzora bidaliko nuke nik. Izan ere, bai, gustatzen zait hautatzea norekin pasa denbora, nor izan konfidente, norekin joan Alabortzara kontu-kontari patxada ederrean. Zutabeek hitz egiten jakingo balute, haiek ere selektibotasun bera aurpegiratuko lidakete. Ez dute, zorionez, hizketan aritzeko gaitasunik. Gaur biralizatutako protagonistak ere ez.
Selektibitateko zuzenketa gupidagabean zauritutako gazte baten bideoa jaso dut goizean. Ez ETBko bideo puska bat, osoa baizik. Auzolotsa puska bat eragitetik auzolotsa osoa eragitera igaro da. Errua gizajo horrena ez dela dakidalako, gustura ikusiko nituzke ikasle horien Batxilergoko azterketak. Ideia bat egiteko, besterik ez. Ardurak non diren argitze aldera bakarrik. Irakasle naizen aldetik, galdera tonto bat dabilkit buruan: biologiako azterketan hizkuntza kontuengatik puntu bat kentzen badute, euskara-indio horretan erantzunez gero, ikasle horrek 9 puntu atera ahalko lituzke? Ikasle txukunenak hautatzeko proba polita gelditu zaigu gero.
Lagunak ere hautatzen direla esaten dute batzuek. Nik selektiboa izaten segitzen dut horretan ere. Horregatik, bederatzikoa ez, hamarrekoa izan da asteazkeneko ilunabarra. Ironiak zer diren, Seleqtia markako marmelada baten bueltan izan dugu merendola. Ez dizuet esan, gure kuadrillan uztailaren 14a Izarren urtebetetze eguna da. Ipar Euskal Herrian, jai egun arrotza. Hego Euskal Herrian, Espainiako selekzioa finalerako sailkatu zen eguna. Herriko taberna gure koloreez jantzi arren, pozoia dagoeneko barruraino sartuta daukagu, eta gol bakoitzarekin oihu moduan azaleratzen da. Ezin diot inori leporatu Espainiako selekzioaren kamiseta zuriak janztea. Aukeran, niri ere politagoak iruditzen zaizkit. Era berean, gustura eskatuko nizkieke kontuak urte askotan zurikerietan aritu eta orain egoera tamalgarria dela-eta aztoratuta dabiltzanei.
Dinorasauroez aritu nahi dut zutabeetan. Jaizkibelgo txilar landareez. Klima aldaketak ekarritako bero itogarriaz. Baina tarteka kontu hutsalenek oroitarazten digute, beste ezer baino lehen, euskaldunak garela. Selektiboa izan arren, halakoetan ezin izaten dut zutabeko gaia nik hautatu.
