Uraren zikloa
Jolas batekin itxiko dugu urtea. Hartu orri bat, eta zure bizitzako bi minutu. Marrazki bidez adierazi, orain, uraren zikloa. Hainbeste gogoratuko duzu eskola garaitik, ezta? Kito? Behar bezala baliatu duzu lehen hitza irakurtzetik esaldi honetara igarotako aldia? Goazen bada eredu batekin konparatzera.
Uraren zikloan ziur marraztu dituzula mendiak, haietan euria, eta ur zirriztu bat itsasora bidean. Abila izanez gero, ura lurruntzen adierazteko geziak izango ditu irudiak, baita laino mardulak ere. Kasurik onenean, itsasoan ere euria egiten duela jarriko zenuen, eta irakasle apartak izan bazenituen, baita ura lurrazpitik joaten ere. Dena den, apustu egingo nuke urari bidea moteltzen dion elementu bat, arrunt garrantzitsua, ahaztu duzula: gizakia. Bestela esanda, ur hartuneak, urtegiak, hoditeria, araztegiak…
Aitor dezagun, gaur egun ura eta ubideak arrotzak dira askorentzat, baina garai batean ez zen horrela. Hainbestekoa zen jendearen eta uraren arteko lotura, euskaldunen ahotan uraren ziklo bakoitza «urte» bilakatu zela. Izan ere, horixe omen du egunerokotasuneko hitzak bere baitan gordeta. Sasoi berriak ur berria dakar, eta herri batzuetan iturrietara koplak abesten joateko ohiturari eusten diote urteberri egunean. ZuZeu-n [zuzeu.eus] jaso zuen Joseba Aurkenerenak euskal kulturari lotutako errito horien berri.
Ziklo bati ekiteko garaian, aldiz, betiko galderak. Ongi joan zaizu urtea? Egin dituzu esperotakoak? Arinegi aukeran. Kuriositatea dut, erantzun zintzo arraio. Kontatuko didazu, zer moduz, hasteko? Lanez gainezka edo denboraz lepo? Kontatuko didazu, gutunez, hobeto, norbait gelditu zaizun elkar ikusteko? Pentsatzen jarri eta kontatu, erabakiek banatu zaituzten ala batu. Pentsatzen jarrita kontatu, zalantzak balantzan topatu duen ostatu. Galdera transzendental eta intimo gehiegi, agian? Lerro hauetatik ez zaitut epaituko, baina lubaki inozoagoetan ezingo diezu erantzunei hain erraz ihes egin. Errutinaren uberan, zaila izaten da erabakigintza. Are zailagoa erabaki horiek irekitako eta itxitako bideak erretinan zintzotasunez gordetzea.
Ez dakit nondik datorren balantzea sasoi honetan egiteko ohitura. Berdin egin liteke edozein unetan ere. Urtea uraren zikloa bada, ez du ez hasiera ez amaierarik. Baina orain eskatzen digutenez, itxi dezagun jolas batekin urtea. Hartu bi minutu, eta begiratu atzera. Behin aholku bat egin nion lagun on bati: sendo zapaldu urrats bakoitzean, horiek izango baitira bizitza honetan utzitako aztarna, eta, zure kasuan, mereziko du xenda ikustea. Zuretzat ere balio du. Jarri arreta hartutako erabakietan, eta horien ondorioz lorratzek utzitako bideetan. Nora ekarri zaituzte aurtengo arrastoek?