Lazkao Txikirekin euskarari buruz berriketan
Santxoenea eta Biteri-Txiki kaleek bat egiten duten kantoira bisitan joateko esan zigun lagunak, han bazela norbait bazuena guri zerbait esateko. Jakin-minari eutsi ezinik joan ginen, arrapaladan, zer aurkituko. Hara! eta hantxe zein topatuko eta zu, Lazkao Txiki, irribarre pikaroz, guri begira-begira.
Madalen Jaietan OaingozHau taldeko lagunek paratzen dituzten horma-irudi handi horietako batetik zelatan ari zinen festa giroan kalean gora eta behera zebilen jendea.
Inoiz nonbait zuk esandakoa ageri zen idatzirik: «Hemendik urte batzuetara, danok erderaz arituko gara euskaraz ari garelakoan». Ufa! Ez da, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula guri esateko zenuena.
Zure denboran behatutakoak, eta zure denbora, Joxe Migel Iztueta Kortaxarena, Lazkao Txiki, joan den milurtekoa eta joan den mendekoa izan zen: Lazkaon (Gipuzkoa) 1926an mundura sortu eta 1993an Donostian zendu zinen bitarteko garaia. Tarte horretan bizitakoek eramango zintuzten gogoeta horietara, noski.
Paratu zintuzten kantoi horretatik entzun ote zenituen, Lazkao Txiki, Sonakay taldekoak Xalbadorren heriotzean kantatzen –Adiskide bat bazen, benetan bihotzbera…– palma artean? Ijitoak eta euskaldunak direnez, flamenkoa euskaraz egiten du abeslari oreretarra duen taldeak. Haientzat, flamenkoa euskaraz kantatzea hautu kontzientea da.
Sonakay hitzak urrea esan nahi du kale hizkuntzan. Eta urrea da euskararentzat aniztasun hori. Izan ere, oreretarrak askotarikoak gara eta euskarak iraungo badu, mundu anitz horietara guztietara iritsi beharko du. Baita ijito jendearengana ere.
Lazkao Txiki, eta Santio bezperako gauean Gamon Zumardira begira ote zeunden? Iritsi ote zitzaizun han gertatu zenaren oihartzuna? Madalen Jaien egitarauaren barruan, Reincidentes Sevillako punk-rock taldearen kontzertua zegoen antolatua. Haien abesti gehienek giza eskubideak aldarrikatzen dituzte edota egungo jendartea kritikatzen dute. Arnas luzeko taldea da, 1987an sortutakoa baita.
Reincidentes taldearen kontzertua entzutera-ikustera etorri zen jendez lepo bete zen Zumardia. Saioaren amaieran, hara non hasi zen taldea Guk euskaraz, zuk zergatik ez abesti mitikoa kantatzen. Eta ia instant berean, Zumardi barru-barrutik, ehunka ahotsek osatutako aldarria batu zitzaion Reincidentesi. Zur eta lur geratu nintzen gogobetez, dena emanda, abesten ari zirenei begira. Eta Sonakay taldekoen hautu kontzientearekin akordatu nintzen.
Sentitu nuen Reincidenteseko lagunek nola jotzen zuten gure kontzientziako atean, tok-tok, euskararen erabileran, motibazioan, atxikimenduan. Eta sentitu nuen, era berean, gurea bezalako herri ukatuaren aldeko borrokak, hizkuntza txiki honen alde hautu kontzientea egiteak, zenbat duen giza eskubideez eta jendarte eta mundu berri baten aldeko borrokaz.
Pasa ziren Madalen Jaiak, eta buruan bueltaka dabilzkit bizitako haiek guztiak, Lazkao Txiki. Joan dira 30 urte mundu zahar honetan ez zaudenetik. Esango dizut Euskal Estatistika Erakundeak, Eustat, 2021ean argitaratutakoaren arabera, Oreretako biztanleen %43,55 euskaldunak garela, euskara ezagutzen dugula. Urte berean, Soziolinguistika Klusterrak egin zuen kale neurketaren arabera, azken urteetan honakoa izan da gure herrian euskararen erabileraren bilakaera: 2011n, %12; 2016an, %14,70; eta 2021ean, %10,90. Euskararen erabilerak ezagutu ditu, hortaz, gaurkoak baino garai hobeak.
Erabileraren daturik hoberenak, haurrak eta nagusiak nahastuta zeuden egoeretan jaso ziren. Orduan, elkarrizketen %24,7 euskaraz izan baitziren. Helduek gure artean izan genituen elkarrizketen %5,7 soilik izan genituen euskaraz. Helduak, haurrentzat eredu izan beharko genukeenak. Hau da hau marka, ezagutza gora eta erabilera behera!
Ai ama, iritsi ote da iragarri zenigun garaia eta euskaraz ari garelakoan erdaraz ari ote gara? Zerikusirik izango ote du euskararen erabilerarekin?
Jada alde egin duzu kantoi hartatik. Zure gogoeta mamitsua utzi diguzu, hala ere. Ez dut kristalezko bolarik etorkizuna euskaraz izango den ala ez jakiteko. Baina esan nahiko nizuke, askotarikoa den Oreretan asmatuko dugula euskarari eusten: ezagutzan eta erabileran. Hala bedi!