Zaintza: bizitzak erdigunean
Non koka ote daiteke zaintza hankaz gora dugun mundu honetan. Nekez har dakioke tankera «Bizitzak erdigunera» gisako ideiei Palestinako Gaza odolusten ari zaigunean, edota gerra ari duen beste hamaika bazterrek eztanda egiten digutenean. Zer gutxi balio duen bizitzak gure mundu zahar honetan: ezer ez!
Bada, justu orain, sekula baino garrantzitsuagoa ez, premiazkoa, urgentea da Bizitzak erdigunean jartzea. Bizitza erdigunera, ekonomia ereduan, jendarte antolaketan, baina, baita ere, geure baitan, geure herrietan.
Azken egunetan hainbat batzarretan parte hartzeko aukera izan dut. Ileak laztu zaizkit batzarretan gurekin ziren hainbat kideren testigantzak entzun ahala. Zaharren egoitzako langileak, etxez etxeko zerbitzuan aritzen den beste bat, eguneko zentrokoa, barne-langile (interna) bat… Ikaragarria!
Zahar etxeko langileek zioten nola txarrak ziren lan baldintzak okertu ziren pandemia garaian. Bizitza estu bilakatu zen tenorean, ordea, zaintzaren garrantzia sekula baino nabariago geratu zenean, pentsatu zuten hobera egingo zuela beren egoerak, eta nola ordutik jaitsi diren infernuraino. Bihotza uzkurtzen zitzaidan bitartean entzun nituen genozidioaz hitz egiten. Bai, genozidioa da gertatzen ari dena aitona-amonekin, bizirik geratzen zaizkigun gure arbaso gertuenekin. Eta genozidioa da lan baldintza ankerretan ari diren langile horiek pairatzen ari direna, osasuna eta gorputza akitu arte dena eman behar dutelarik. Kontatu ziguten zahar etxeetako ateez bestalde ez direla soilik adineko pertsonak bizi, badaudela ere 40, 50 eta 60 urteko jendeak, bizitzako zirkunstantziek haraino eramanak. Aniztasun horri guztiari erantzun behar diote, denbora eta bitartekorik gabe; ez behintzat, beren kargu dituzten pertsonak duintasunez artatzeko behar bestekoa.
Etxez etxeko langileen egoera eta barne-langileena (XXI. mendeko esklaboak izendatu zituzten haien buruak) etorri zen ondoren, amaierarik gabeko lanaldiei gehitzen zaizkie etxeetako intimitatean batzuk jasotzen dituzten askotariko gehiegikeriak eta marka fisikorik uzten ez dituzten tratu txarrak. Lanpostu horietan –ez ote da gehiegi lanpostu izendatzea esklabotza horri?–, gehienbat emakumeak eta arrazializatuak ditugu. Ez da kasualitatea. Etxetik eta haien babes sareetatik urrun, estigmatizatuak askotan, desbabesagoak dira.
Adinduak diren pertsonak, haurrak, duten adina izanik ere bere kabuz moldatu ezin dutenak, gaixo daudenak, istripua izan eta haren ondorioak pairatzen ari direnak, aukeratu ez duten arren bakarrik daudenak eta bestelako hamaika gabezia dituztenak, zainduak izan behar duten horiek guztiak, bizitza duinerako eskubidea dute. Baita haien etxekoek eta lagunek ere. Denok zainduak izan eta zaindu ahal izatea behar dugu, inongo kasuan ez luke ezbaian egon behar.
Inozoak gu uste badugu besteen etxeetako kontuak direla horiek. Segundo batera egon naiteke ni, eta zu, egoera horietako batean: zaindua izateko premian edo zaintzaile izatekoan. Gazteak eta zaharrak, aberatsak eta pobreak, sinpatikoak eta zakarrak, denak goaz bide horretan.
Begi-bistakoa da dugun zaintza sistemak kolapsatu egin duela, ez diela dauden beharrei erantzuten; ezta hurrik eman ere. Zer esanik ez, hainbat enpresa etengabe bezero berriak dituen negozio agortezina dela ohartu zirenetik. Ondorioz, kalitatezko zerbitzu duina izan dadin bitartekoak eta baliabideak jarri ordez, mozkin gero eta handiagoak nola atera da zentro horietako kudeatzaile gehienen helburu behinena. Bide horretan, langileentzat lan baldintzek kaskarrak izan behar badute ere, edo pertsonen duintasunaren kontra aritu behar bada ere. Esan dezagun, gainera, instituzio publikoek hori horrela izatea ahalbidetzen dutela zentro bat pribatizatuta mantentzen dutenero.
Nolakoak dira gure herriak, auzoak, etxepeak. Zer diote elkar laguntzaz, auzolanaz, zaintzaz? Zaintza eredua irauli behar dugu, lehenbailehen.
Nork zainduko nau, nork zainduko zaitu? Nola zainduko ditut nik maite ditudanak, eta zuk maite dituzunak? Aukera bat eman behar diogu bizitzari, denontzako bizitza duinari. Azaroaren 30ean Greba Orokor Feminista egingo dut, Bizitza erdigunean nahi dudalako. Arrazoi asko ditut, baina batez ere, zaindua izan eta zaintzeko eskubidea nahi dudalako: niretzat, zuretzat eta gu guztiontzat.