Ariketa sinplea da
Saria eskutan nuela pozik iritsi nintzen etxera. Lehiaketatik bueltan, baina, gehien oroitzen dudana da Gipuzkoatik autobusez joandako ordezkariak aho batez kantari aritu zirela. Sortu berri nuen kanta beraien ahotsetan. Aspaldiko kontuak dira. Baina oraindik irribarrea ateratzen zait denak batera kantu erotikoa kantari irudikatzen ditudan bakoitzean.
Musikak duen eragina harritzekoa da. Nota solte gutxi batzuk edozein espaziora eramateko gaitasuna dute. Denboran garraiatzekoa. Begiak itxi, eta ia ahaztuak genituen horiek oraina bihurtzen zaizkigu. Ahaztu nahi ez ditugunak, oraindik eta gehiago hurbiltzen.
Sortzen duenak, ez daki, baina, zer eragin sor dezakeen. Eta gutxiago zer kolektibotasun uler daitekeen hitz eta erritmoen bidezidorretan. Baina zalantzarik ez dago herri baten kulturan sortzaileen eragina handia dela.
Eta halere musikarien lanak duen prestigio ezak maiz egonezina sortzen dit. Musika sortzea lana ote den zalantzan jartzen dutenen hitzek amorrua.
Orain gutxi Berria-n irakurritako artikuluan Lanartea elkartearen berri jakin nuen. Euskal sortzaileen aldarrikapenek elkartutako elkartea da, Euskararen Langile Profesionalen Elkartea. Baldintza hobeagoak eta sortutakoaren balioa aitortua izan dadin eskatzen dute. Izan ere, haien webgunean jasotzen den moduan, musikari, kantari, idazle, irudigile, bertsolari, itzultzaile lanak balio etikoa eta estetikoa du; argitaratuz gero, baina, balio ekonomikoa hartzen du. Eta halere, ezinbesteko lehengaia izan arren, hizkuntzaren lehen kate-begi, gutxi dira sortzen dutenaz bizitzen direnak.
Gutxiegi. Bai, euskal kulturaz ari gara. Kultura letra larriz jarrita. Ez maiz bazterreko gisa izendatuta izaten den euskal folklore hutsaz. Egungo euskal sortzaileen lana ez bada, zein da gure kultura bestela? Bestea? Besteak?
Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula eskuartean dutena. Euskararen langile estatusa aldarrikatzen dute, euskal kultur sistemaren alde lanean dabiltzan horretan.
Sortzaileek administrazioari egindako eskaerek oihartzuna izan dute azken urtetan. Baina, malda-gora horretan bidelagun izan gaitezkeenok ere zer egina badugula esango nuke. Ariketa sinplea da.
Demagun, artikulu hau irakurri eta ondorengo zazpi egunetan entzundako doinu guztiei arreta jartzen diegula. Eguneko lehen ordutik hasita iluntzeraino. Erreparatu irratiari, egunero ikusten ditugun askotariko pantailei, gure aisialdi doinuei, edota hor, atzealdean nonbait, entzuten ditugun musika eta kantuei. Ehunka dira egunean zehar notaz nota betetzen zaizkigun hutsuneak.
Eta demagun, neurtzen hasita, entzundako guztien artean euskaraz ari direnak zenbatzen ditugula. Zenbat izango ote?