Lurrundu ez daitezen
Urte berria hastearekin batera asko dira ustezko zoriontasunaren bila bizitzaren ordena aldarrikatzen duten mezuak. Etxea txukuntzea, behar ez ditugunak baztertzea edota gauzak horizontalean beharrean bertikalean ordenatzea aholkatzen duten teoriak, esaterako.
Baina, 2022ko lehen egunetan dagoeneko asmoak lurruntzen hasi zaizkigula dirudi. Garai likidoan baino aro etereoan gabiltzala, ukiezina den aroan sartu garela. Eta mezu iheskorren ordez ekintza sakonagoak beharko ditugula.
Gauzen antolaketa egokiena zein den ez dakit. Ziurrenik, gutxiagorekin konformatzea eta dagoeneko ditugunak hobe erabiltzea nahikoa genuke. Baina bertikalean baino horizontalean aritzeko garaia dela esango nuke. Nork bere zilborrari baino, zabalera begiratzen hasteko garaia.
Horizontalean. Pandemiari aurre egiteko bitartekoak mundu zabalean eskura izatea ezinbestekoa dela ikasi dugu. Izurriak osasuna eta zaintza erdigunean ezartzeko beharra ageriago utzi digu. Eta halere, gure artean txertatu nahi ez dutenengan jarri dira indarrak. Aukerei erreparatzeko unea da, arauei eta isunei baino. Adin desberdinekoen arteko elkarbizitza eta elkarlana indartzekoa; lehendik ere bitarteko gutxiago dituztenak laguntzekoa. Hurrengo olatuak edota bestelako pandemiaren batek mundua ezustean harrapatu aurretik.
Urte berria hastearekin batera asko dira mendira jotzen dutenak, hamaika egiten diren elkartzeak eta ozenak etxean ez direnak gogoratzeko kalean entzuten diren aldarrikapen hotsak. Pandemia tarteko, halakoak moldatu behar izan baditugu ere, egunotan ohikoak bihurtu zaizkigun ekimenak dira.
Baina kutsatuen eta ospitaleratuen grafikoek egunetik egunera gailur berria egiten duten bitartean, arnasa sakon hartzea eguneroko behar ezinbestekoa bihurtzen ari zaigu askori. Haurrentzat eta gazteentzat ere arnasguneak beharrezkoak dira. Distantzian gauzatuko ez direnak. Denok ez baikara futbol zelaietan edota taberna giroan ibiltzen. Aisialdi aukerak zabaltzeko unea bada.
2022a aldarrikapenen urtea izango da. Berriro.
Martxoan, hitzekin egingo dugu korrika. Uztailean, gure esku dagoena egingo dugu Pirinioetako bideak argizta daitezen. Eta hitzez ekiteko garaia dela jakin badakigulako, azaroan, aho biziz prest diren belarriak kutsatzen jarraituko dugu.
Izango dira bestelako aldarrikapenak ere, egoera salagarriak, gainditu beharreko arrakalak. Eta bai, auzolana garrantzitsua izango da. Zailduak gara horretan. Baina ez da nahikoa izango. Bada garaia zenbait aldarrikapen gurean gorpuztekoa, neurri politiko eraginkorrak denontzat hartzekoa. Hartara, askoren urte hasierako ilusioak, asmo onak eta hitzemateak lurrundu ez daitezen.