Bakartasunaz beste
Noiz sentitu zinen bakarrik azkeneko aldiz? Hala galdetu ziguten jardunaldi bat hasi aurretik. Hainbat galderari erantzun behar izan genion, baina aipatutako horrek erakarri zuen nire arreta. Egindako galdera horrek jasotako erantzunek, zehazki.
«Orain hiru hilabete», erantzun zuen batek. Urte amaiera edo urte hasiera kalkulatu nuen. Bakarrik? Urte sasoi horretan halakorik, nolaz. Bakardadea zer den hausnartzeko garaia izan liteke. Edo bakarrik sentitzeak eragiten duenekoa. Hutsunea, urdailean zulo mingotsa, tristura. Besteen goxotasun falta, afektibitate eza, beharbada. Bilatzen ez den egoera, ziurrenik. Eta esandako moduagatik, gustukoa ez den sentimendua.
«Orain hiru aste», erantzun zuen bigarren batek. Itsasoaren erdian naufragoa sentitzen zela zirudien. Itsasontziari atzamarka lotzen, bizitza horretan jokoan balu bezalaxe.
Inguratuta bizi gara, baina horrek ez digu guztioi bakardade sentsazioa asetzen, nonbait. Bakarrik sentitzen dira asko zoriontasunaren hari gainean, bakarrik eguneroko borroka txikietan. Milaka txikikerietan. Ezer gutxi asko direnetan. Ez zirelakoan, sakoneko arrastoa uzten duten horietan.
Halako sentimenduei aurre egiteko garai zaila da munduan, beharbada. Eta jendartean gerturatzea zilegi zaigunean ere, ez du beti, itxuraz, ondokoen presentzia soilak hutsune hori beti betetzen. Bada melankolia betean bizi denik. Bada bizitzari ezin eutsi, bere buruaz beste egin duenik.
Datuek agertzen dutenez, asko dira halakoak, baita gurean ere. Gehiegi. Agertutakoak dira horiek, saiakerak beste. Halaxe hil omen Violeta Parra ere, hain famatu egin zuen Gracias a la vida kanta sortu eta urtebetera. Tiro batez bere buruaz beste eginda. Bakardadeaz beste.
«Orain hiru ordu», albotik. Bakardadearen kontrako pilularik ez ote al dute laster asmatuko. Zenbait herrialdeetan Bakardadearen Ministerio berezia sortu omen dute. Ez dakit guk halakorik behar ote dugun. Baina badirudi osasun arazo isolatua baino, gizartean zabaldutako gaitz bihurtu zaigula. Zahar, gazte, zein beste.
Eta bakardadea lehendik gutxi ez bazen, teknologia berriekin gertukoengandik urruntzeko joera are gehiago gailendu zaigula esango nuke. Ustezko gu bezalako ezezagunak like batez gurera batzen saiatzen garen bitartean.
«Ez dut gogoan», idatzita nuen nik. Agian, bakarrik nagoenean izaten ditudalako sortze momentu onenak.
Gogoko dut bakardadera geldiunetik iristea, gogoetarako arnasa hartzetik. Erantzunak berehalakoan ez bilatzetik. Gogoko ditut abiadurarik gabeko egunak. Konplizeak eta bidelagunak ahaztu gabe, bakardadearen ertzean gustura sentiarazten didatenak.
Eta zu, noiz sentitu zinen azkenekoz bakarrik?