Zuri esker, aitona
Ez omen zuen zaletasunik izan. Lana, mendia eta, noizbehinka, parranda pixka bat. Konturatzerako, «izorrai, nere gaztetasuna jun zan!», erantzun zion hil berri den gure aitonak Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren izenean elkarrizketatu zuen Idoia Etxeberriari.
Doluan oso lagungarri egin zait elkarrizketa hura. Gertu sentitu dut aitona eta ezagutzen ez nituen kontu asko ikasi ere bai. Guk ezagutu dugun Pasai Antxo are ilunagoa irudikatu dut, pobreagoa eta abandonatuagoa, horrelakorik posible bada. Klase guztietako arraina ere imajinatu dut bete-beteta ibiltzen ziren kamioietan pilatuta, «toneladaka» aitonaren hitzetan. Platera arraina saltzeko neurritzat erabiltzen zutenik ez nekien, ezta euskara ikastera izebaren etxera joan zenik ere. Mila esker bihotzez, Ahotsak, egindako lanagatik eta egin diguzuen opariarengatik. Ekimen hau dokumentazio lana baino askoz gehiago da.
Kontua da, gure aitonak zaletasunen galderari emandako erantzuna entzun nuenetik, buruan bueltaka geratu zaidala, trabatuta bezala. Momentuan, gupida antzeko bat sentitu nuen; ai, guk izan ditugun aukerak izan bazenitu…, pentsatuz. Baina hutsunea izaten denez daukaguna eta ez daukaguna ikusteko biderik eraginkorrena, orain errukia gu modernoongan sentitzen dut. Konturatu bainaiz, gizarte bezala, transmisioaren emaria eten egin dugula nolabait eta aukera zein balio asko galdu ditugula bidean. Hala nola, herrigintzarako borondatea. Amak kontatu zidan hori izan zela, hain zuzen, aitonaren zaletasuna. Jo ta su aritu zen herritik eta herriarentzat lanean urte luzez.
Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakasleak Hik Hasi aldizkariari 2012an eskaini zion elkarrizketa bateko pasarte bat jaso dut, ederki azaltzen du eta aipatu egoera: «Euskal munduan instalatu den ideologia progresistak desenfoke batzuk baditu, gai batzuk moztuak ditu, bere sustraiak ez ditu identifikatzen, eta datozen galdera berri askoren aurrean erori egiten da».
Ez nintzen konturatu nire erreakzioa nagusitasunaren isla izan zela, argi eta garbi. Halaber, egungo begirada handi-ustetik ari nintzela zaletasunik ez edukitzea epaitzen, jabetu gabe ustezko sinplekeria hori dela, ziurrenik, garai nahasiotan behar duguna. Izan ere, aurreko belaunaldiek baino informazio gehiago daukagun arren, jakintsuago al gara? Dena aukeratzeko askatasuna daukagu, baina zoriontsuago gara?
Sarasuarekin jarraituz, 2012ko gizarte-ereduaz aipatu zuen «baliabide ahulekin» egiten zuela topo «sakoneko gauza batzuetan», hain justu ere «inoiz baino oinarri sendoago eta malguagoak» behar diren testuinguru batean. Bada, aitonak zaletasun gutxi izango zituen, baina gai izan zen ulertzen ez zituen gauzak ere errespetuz tratatu eta onartzeko.
Nahiz eta garaiak aldatu, pertsona ona izatea harrotasunez aitortzeko moduko ezaugarria da oraindik eta harro egon zaitezke. Zuri —eta gainerako senideei— esker naiz gaur egun naizena, aitona. Balio beza zutabe honek Euskal Herrian ditugun aitona eta amona guztiek egindako lanaren eta maitasunaren errekonozimendu gisa.