Disekzioa
(Fokua piztu eta zientzialari bat agertuko da oholtzan, konferentzia batean. Aurrean duen mahaian igel bat du. Eskularruak jantzita izango ditu eta musuko bat lepo azpitik jarrita, mantal zuri batekin jantzia dago. Bien bitartean zurrumurruan ariko da igelei buruzko datuak ematen. Publikora begiratuko du denek kasu egiten diotela ikusteko eta berriz makurtuko du burua mahairantz gero. Musika lasai bat entzungo da atzealdetik eta igelari sabela mozten dionaren keinua egingo du. Hasi da disekzioa).
Barrunbeak atera beharko ditugu orain banan bana. Organoz organo.
(Bat-batean, nazka aurpegia jarri du, tripak ateratzea ekintza higuingarri bat dela adieraziz. Pintzarekin igela arakatuko du eta, bitartean, erraiei buruz hizketan hasiko da).
Erantzuna zure barruan dago dioten gidaliburuak ditugu. Elvira Sastrek zioen: «Ez nago galduta; gertatzen dena da ez dakidala non amaitzen den barruan dudan itsasoa eta, batzuetan, bertan itotzen naiz». Barruko bakeaz hitz egiten da asko, existitzen da? Ez dakit… Barne-gaztaka, barne-mina, barne-politika, barnebideak… Metafora polita da, baina benetako egia da barrutik organoak besterik ez garela. Ehunak, zainak eta odola.
(Publikora begiratzen duen bitartean banan-banan organoak ateratzen hasi da. Espagetiak jaten diren era berean jaso ditu hesteak eta harribitxi baten gisara heldu du bihotza. Publikoari begira geratu da. Begirada barrura).
Hau da barrua. Zuek zer moduz duzue barrua? Organo bakoitza dagokion lekuan duzue? Urduriak zarete? Lasaiak, arduragabeak, tabako erretzaileak, kirolariak, azukre zaleak, beldurtiak, alperrak?
(Disekzio-mahaiaren beste aldean jarri da. Eskularru bat kentzen duen bitartean igelarekin bakarrizketan hasiko da).
Migeltxo, sufrimendua gauza bakartua dela sinesten dugu oraindik ere. Enpatiaren etika aldarrikatu behar dugu, sentikortasunaren etika. Denok pentsatzen dugu, adibidez, bakardadeari buruz, denok sentitu dugu, batzuetan plazera ematen du sentsazio horrek, besteetan zulo iluna da. Denok nahi dugu zorion amaiezin bat, maite gaitzaten etengabe. Hainbeste gogo dugu zoriontsu izateko, ahaztu egiten zaigula ez garela guztiz aske. Eta zer esango duzu zuk orratz artean lotuta, ezta?
(Beste eskularrua kenduko du. Konferentziako entzuleei begira jarraituko du hizketan).
Kroak! Nik zuek lepotik hankartera irekiko bazintuzketet, zenbat barne-gatazka aterako nituzke? Galdera bat da. Apuntatu hau ere koadernoan. Baina gauza bat esango dizuet: ez sinistu pentsatzen duzuen guztia. Bihotza, birikak, urdaila, hesteak eta bihotza besterik ez gara. Nork bere burua disekzionatzeko asmorik balu, jakin dezan.
(Igela esku artean duela emango dio amaiera disekzioari).