Urrutiko intxaurrak
Oraingoan, agian, itsasoko uraren gazia azalean duzula ariko zara HITZA irakurtzen. Edo goizetako kafea luzatuz ibiliko dituzu atzera-aurrera aldizkariaren orriak, egunerokora itzuli beharrak zimiko egiten badizu ere tarteka. Egunak laburrera egitearekin hemen da ikasturte berria, baina hala ere ez genuke lilura udatiarra berehalakoan alboratu nahi. Oporraldiko martxa luzatzen tematzen gara, udazken-negu ilunagorako indarra biltzen ari bagina bezala.
Itzuleraren atarian, amaitzen diren bezainbeste gauza hasten dira, ordea. Halaxe topatu ditut aspaldian ikusi gabeko lagunak, nor bere abenturatik bueltan. Ibili dira Mexikon, Kanarietan, Grezian zein Vietnamen; beste batzuk, karbono aztarna txikiagoa utziz baina erregaien prezioak patrika berdin astinduta, Bretainian, Italian, Galizian edo Gironan. Pozik kontatu dizkidate plazerezko bidaien gorabeherak, eta nik belarriak zabal entzun ditut denak, etxe ondoan ibili denaren jakin-minez.
Aitaren aldeko aitona-amonek bidaia bakarra egin omen zuten bizitza osoan. Okasioa baliatuz, Madrilen izan ziren eztei bidaian. Gainontzean, argia zen aitonaren filosofia: «Zer galdu ote zaie gazte hauei kanpoan? Hori da kabitu ezina!». Gure gurasoek Alemania zapaldu zuten gaztetan, urrutiko lehengusuak bisitatzearen aitzakian. Gu, berriz, gure belaunaldiko beste asko bezala, adin nagusiko izan aurretik atera ginen atzerrira. Interrail eta Erasmus artean ibili ginen esperientzia bila, hizkuntzak ikasten edo lagunei bisitan. Mundu bola poltsikoan sartu zigutela, alegia, eta halaxe gabiltza geroztik, ase ezinda.
Pandemia beteko hausnarrean, ziurtzat jo genuen errotik aldatuko genituela ongi sustraituta genituen ohitura zenbait. Hitzeman genuen hurbilera begira jarriko ginela, eta aurrerantzean hobeto zainduko genuela munduan daukagun lekua. Autokritikaren eta autosabotajearen arteko dantzan, zalantzan jarri genuen plazerez bidaiatzearen funtsa ere. Nola mugitzen ote gara halako arinkeriaz munduaren mutur batetik bestera? Nolatan hartu izan ditugu hegazkinak egun pixar batzuk beste kontinente batean emateko? Zer arrasto uzten dute gure joan-etorriek?
Galderak galdera, baina, jendeak gogotsu heldu dio oporretan kanpora joateko usadioari, nork bere ahalen neurrian. Beste asko, ordea, inguruan geratuko ziren egoerak hartaratuta, eta hurbilean bilatuko zuten ohi baino askeago sentiarazten gaituen hori: hondartzako ordu galduak, kresala airean, gatz zaporeko larruazalak, kilometroak eta kilometro gehiago, kanturen bat zorabioan, mendiko egunsenti eta ilunabarrak, motxilek mindutako bizkarraldeak, nekaldiaren ondoren oinak ur hotzetan freskatzea… Oporrak hori baitira gehienontzat, errutinaren zama gainean sentitzen dugunean aurrera egiteko balio digun askatasun dosi txiki bat.
Nik neuk betaurreko berriz begiratu diot aurten uda parteari, txikira jokatu eta Euskal Herriko mugetatik askorik aldendu gabe. Gertutik hasita ezagutzen omen du gizakiak mundua: amaren larruazala mapa bihurtu ondoren deskubritzen dira teilapeko izaki eta objektuak; handik abiatuta etxe inguruko bazterrak; azkenik, mundu zabala. Ezin jo goi mendietara, oihan tropikal exotikoetara, gertuko landareak ezagutu gabe.
Udak, hainbeste amesten dugun sasoi honek, soinu banda bat izaten du gordeta: «Uda korrika zebilen / eta gu esperoan. / Dena eginda al geneukan? / Dena bukatu da?» dio kantuak atzealdean. Eskerrak bideari, eskerrak. Urrutiko intxaurren bila ibilia bazara edo gertukoak janez eman baduzu ere azken bolada, udan pilatu duzun egurrak luzaroan berotu gaitzala.