Gutuna: "Autobusak eta irisgarritasuna"
Elvira Martinez Martinez trintxerpetarrak gutuna bidali du HITZAra. Kexu da Ekialdebuseko autobus jakin batzuetan mugikortasun arazoak dituztenentzat eragozpenak daudela. Jarraian, hitzez hitz, hark esandakoak.
Autobusak eta irisgarritasuna
Idatzi honen bidez, Ekialdebuseko autobus jakin batzuk desegokiak direla salatu nahi nuke. Desegokiak diot ia-ia eserleku guztietara igotzeko koska bat igo behar delako. Aipatutakoa eragozpena da mugikortasun arazoren bat duten herritarrentzat, jakina. Bai eserlekuetan esertzeko orduan (autobusean sartzean) bai eserlekuetatik atera hurbiltzean (autobusetik ateratzeko).
Nik ez dut makulurik behar, eta hala eta guztiz ere, koska igotzea kosta egiten zait. Hortaz, atera kontuak… Oso jokabide okerra iruditzen zait, kontuan harturik erakunde publikoek mugikortasunaren aldeko politikak sustatzen dituztela zabaltzen dutela lau haizetara. Errealitatea oso bestelakoa da: mugikortasun arazoren bat duten herritarrei, edo besterik gabe, adinean gora goazenoi trabak jartzen dizkigute. Are gehiago, Ekialdebuseko autobusetan ez dut topatu mugikortasun arazoak dituzten herritarrentzako gordetako eserlekuen gaineko informaziorik.
Beste alde batetik, zenbait gidariren arreta falta salatu nahiko nuke. Izan ere, maiz autobusa ez da gelditzen espaloiari pega-pega eginda, eta horren ondorioz, erabiltzaileok istripuren bat izan genezake, edo lurrera erori. Arazo larria da, nagusiki adineko erabiltzaileentzat, eta, oro har, bidaiari guzti-guztientzat. Espero dut lurraldeko mugikortasunaz arduratzen direnek neurriak hartzea eta idatzia alferrikakoa ez izatea.
Elvira Martinez Martinez. Trintxerpe.
