Gutuna: "Erasotzaileen inpunitateari aurre egiteko beharraz"
Azken asteetan ezagutarazi diren eraso matxisten gaineko gogoeta egin du, HITZAra bidalitako gutun bidez, Olatz Moriones Mugimendu Sozialistako kideak. Jarraian, hitzez hitz, hark esandakoak:
Erasotzaileen inpunitateari aurre egiteko beharraz
Hautsak harrotuta dabil gure herria azken aldian. Asko dira azken aste eta hilabeteetan ezagutzera eman diren eraso matxista kasuak eta, honekin, erasotzaileak, izen eta abizenekin.
Eta kezkatzen nau, noski, gertatutakoak. Baina kezkatzen nau, areago, izen hauek entzun osteko “ez nau harritzen” horrek.
Baieztapen honek, berriki agerikoa izanagatik ere, nolabait ezaguna zen hori berresten dela erakusten baitu. Denboran zehar, onartezinak ziren jarrera eta ekintzak inpunitate osoz gauzatu eta normalizatu direla.
Erasoak kale ilun eta bakartietan gertatzen diren ideiarekin beldurtzen gaituzte. Baina, guk badakigu, eraso asko eta asko egun argitan eta guztion begien bistan gertatzen direla, askotan ikusten edo ikusi nahi ez badugu ere; gure lan tokietan, aisialdi espazioetan edo jai giroan. Eta gure lagunak, familiako kideak, irakasleak edo herri kideak izan daitezkeela gure erasotzaileak.
Beraz, festa hauetan, inoiz baino gehiago, erantzun dezagun gerta daitekeen eraso ororen aurrean, baina begiratu dezagun inguruan nor daukagun eta zer onartzen dugun.
Inolako erasorik gabeko jendarte baten alde, guztion ardura da erasotzaileen inpunitatearekin amaitzea. Kaleak har ditzagun eta antolatu gaitezen indarkeria matxistaren eta berau betikotzen duen sistema kapitalistaren aurka.
Olatz Moriones. Mugimendu Sozialistako kidea
