Plazer bat
Uda amaierako edozein larunbat eguzkitsu izan zitekeen pasa den larunbatekoa. Bidegorrian paseoan zebiltzan jubilatu goiztiar batzuk, lau gurpiletik bikora igarotzeko saiakera ausart bezain behartuan bizikleta gainean zebilen ume kaskodun-armatua, eskuan loredun aulki tolesgarriak eta urteetan zeresangodute-ren beldurrez-edo jantzi gabeko pamelak buruan zelaira doazen emakume helduak, edota ostiral gaueko erdi ajea errekan itotzera zihoazen gazteak. Hori zen eszenatokia mugikorrean hamaikak markatu aurrez.
Baina bidegorri inguruan ibilitakoek sumatuko zuten giro berezi bat. Txintxarri hotsak han-hemen, Plazera ihesean, Arrazoia bere atzetik eta hamarnaka lagun bien artean dantzan. Arrazoia askatu eta Plazerari bide eman nahian, baina Errua erori gabe, Plazera lotu gabe, Arrazoia ulertuz, baina korrika, eta batera, baina nola partekatzen da Plazera? Eta Arrazoia? Eta Poesia?
Eszena horiek poesia izan daitezke bere horretan, edo ez. Poesia zer den, nola egiten den eta nola errezitatzen den ez dakienaren lotsagabekeria eta irrikarekin hurbildu nintzen ni ere Altzibarreko bidegorri parean abiatu zen III. Poesia Egunera. Plazerarekin topo egingo nuela jakitun, nola harrapatu behar zen asmatu ezinik, baina bertan. Batzuetan jauzi egiteko bultza egin behar gaituzte, eta horrek ez du zertan txarra izan; nahiz eta hiru urteko gelan andereñok ondokoei bultzatzea gaizki zegoela errepikatu.
Bakarrik hurbildu nintzen, baina bakarrik egongo ez nintzenaren jakitun. Horretarako ere bultzada behar izaten dugu gizarte hiperkonektatu honetan. Duela hiru urte abiatu zuten Oiartzungo zenbait literaturazalek Poesia Eguna, azkenean Arte Egunak bihurtutakoa, zaila baita kulturzalearen egarria egun bakarrean eta diziplina batean asetzea. Bidegorri guztia zeharkatzearen intentzioari eusten diote, urtero, hiru geldiune eginda aurreratzen joaten dira, martxa honetan nahi baino azkarrago iritsiko gara…
Literaturazaletasuna, idaztea zein irakurtzea, gure imajinario kolektiboan zerbait bakartia edota intimo gisa proiektatzen da gehiegitan. Ibilbidean aurrera gindoazela batek hala esan zidan: «Poesia ez da ematen duena bezain serioa, e!». Eta hala da, izan dezake seriotik, baina baita umoretik ere, sakonetik, azkura eragitetik, minetik, jolasetik eta baita plazeretik ere. Eta ez du beti zertan bakartia izan, pasa den asteburuan kulturaren bueltan dabilen talde zoragarri bat dagoela usaindu zen berriro.
Poesia errezitaldian edota arratsaldeko Ana Galarragaren eta Pettiren Frankestein agurgarria ikuskizunean gertatutakoen spoilerrik ez dizuet egingo. Irakurri, ikusi eta hurrengoan gerturatzeko amua izan dadin, hau ez baita kronika ofiziala. Baina esan beharrean nago, ezer gertatzen ez den tarteetan dena gertatzen dela, bazkarian alegia. 30 bat lagun elkartuko ginen, eta kontu kontari hegan joan zitzaigun tartea. Aurrez elkartu gabeko pertsonak elkartu ginen, eta aurrez imajinatu gabeko elkarrizketak gurutzatu. Ustekabeko plazerak, bilatu gabe etorritakoak. Horrela bakarrik zen posible. Hori ere poesia da.
«Plazer bat» esaten dugu norbait edo zerbait berria ezagutzerakoan. «Plazer bat» iluntze atsegin bateko elkarrizketa interesgarri batean parekoak entzuten eta erantzuten zaituela sumatzerakoan.
Ez da esamolde egokia izango ziurrenik, erdarek gure bizitzetan duten pisuaren enegarren arrastoa. Ez dakit plazera zenbatu daitekeen, mugagabea delakoan nago. Baina, «plazer bat izan zen».