In(ter)dependentzia
Nik ere oihukatu dut independentzia!, egin ditut pintadak, eta itsatsi kartelak independentziaren aldarriarekin. Independentista naizenaren etiketa jartzea onartzen dut, etiketa zalea ez banaiz ere. Baina gaurkoan ez nator lurralde baten, kultura baten, jendarte baten independentzia nahi eta beharren panfleto bat egitera. Nik ere definitu eta defendatu dut pertsonen autonomia eta independentzia, momentu batez sinesteraino inork ez duela inoren beharrik bizitzeko. Disneyko pelikulek hezi gintuzten belaunaldiari hori pasa zitzaigun nerabezaroko momentu batean, maitasun erromantikoa deseraikitzen hasi eta bakardadea erromantizatu genuela. Ertz batetik bestera igarotzearen beharra, batean edo bestean, baina erradikal, badakizue, herri honen epika.
Duela pare bat aste Zaintzadi proiektuaren baitako inkesta bat iritsi zitzaidan mugikorrera (izatez ez zitzaidan iritsi, lagun batek bidali zidan, inpertsonalean hitz egitea ere maiz erromantizatuegia ez ote dugun…). Aski eztabaida interesgarriak daude Zaintza Sistema Publikoak (komunitario, euskal… jarri nahi beste abizen) nolakoa izan beharko lukeenaren inguruan, Mugimendu Feministaren eta herrigintzan lanean dabiltzan militanteen eskutik datozenak gehienak. Baina ni ez naiz ur handi horietan sartuko, gaur ez, bederen.
Hautatutako eta batez ere hautatu gabeko bakardadearen inguruan galdetzen zuen inkestak. Galdera bat jasotzerakoan, bi galdera erantzuten dituzulakoan nago. Batetik, galderak berak adierazitako galdera ikurra, eta bestetik, zergatik galdera hori zuri (eta gailu digital batek galdetzen badizu, akaso galdetuko zenioke zure buruari ea zergatik berak). Kontua da bakardadeez hitz egiten zuela inkestak, aukeratu gabeko horiez.
Gizartearen zati handi batentzat bakardadea deitzen diogun hori parentesi bat izan ohi da, gure eguneroko harremanetatik eta gure gizarte egituratik at bakarrik egoteko momentu bat; nortzuengana itzuliko garen badakigun parentesia. Eta hori hala dela jakitun bagara ere, sarritan asko kostatzen zaigu elkarren beharra dugula onartzea.
Indartsuago edo ausartago sentitzen gara inoren beharrik ez dugula esatean, performance lurtar horretan. Munduko eta bertako indarrek geroz eta indibidualistagoak, independenteagoak, bakartiagoak izatera bultzatzen gaituzten honetan kolektiboa beharrezkoa dela iruditzen zait. Kolektiboa maiz irudikatu izan dugu, mugimenduren baten baitako talde kohesionatu gisa, ideia eta proiektuek batzen duten jende multzo bezala. Kolektibo eta komunitate hori ezinbestekoa dugu bizitzeko, baita herria eraiki eta eraldatzeko ere.
Baina askoz pertsonalagoak diren elkarren beharrak ere baditugu, esateak berak konplexua sortzen digun arren, izaki interdependenteak gara. Eta ez dezagun nahasi hori elkarren menpeko izatearen konnotazio negatiboarekin. Elkarren beharra dugu, ez bizirauteko bakarrik, baita bizitzeko ere. Eta hori ere sarritan aitortu behar diegu aldamenekoei, inolako dramatismorik gabe, baina elkarren beharra dugu, eta elkarren ondoan egoteko nahia ere badugu.
Goizero oskola gogorra janzteko hautua egiten dut nik ere, Disneyren aurka egiteko joera, baina ni ere interdependentea naiz.