Iraila
Goizean esnatu eta begietako makarrak kentzea bezalakoa izaten da sarri iraila. Nagiarekin baina gogoz egiten duzun ekintza hori. Iraila dator gure bila /triste dagoena alaitu dadila kantatzen genuen ikastolako anfiteatroan, udari amaiera emanez-edo. Oharkabean bazen ere, zeinen esplizitu adierazten genituen tristura eta poza garai hartan.
Aurtengoan, ordea, kanturik gabe heldu zaigu iraila. Urteko denboralitateak markatzeko bi modu nagusi daudelakoan nago: urtarrila eta iraila. Duela ez horrenbeste urte ohartu nintzen agendak urte osokoak (urtarriletik-abendura) ere izan zitezkeela, gizartea ez zegoela eskolan irakatsi moduan ikasturteka soilik antolatuta. Baina esango nuke, izan iraila edota izan urtarrila biak ala biak direla uneari erronka eta beteko ez ditugun promesak egiteko hilabeteak. Bietan saiatzen garela gure bizitzako hainbat etapa ixten eta irekitzen, bizitza lineala dela sinetsi bagenu bezala.
Aspaldi ikusi gabeko bi lagunekin afaldu nuen duela egun gutxi, urtarrilero eta irailero gure ametsak eta akatsak elkarri kontatzen dizkiogun horietakoak gara. Eta iluntzeko, eta abuztuko, azken eguzki izpiek goxatzen gintuzten bitartean, guk ere izan genuen hizketagai iraila.
Udak dakarren ilusioa daramate udako balantzeek. Hau, hori, hura egingo dugu-ak amaitu, eta aurtengoa ere pasa da zintzo batera igarotzen gara. Ustez datozen hilabeteetarako bizitza ordenatzen genbiltzan plazako mahaian, konpondu beharrekoak zerrendatzen, aldaketak proiektatzen. Egin genuen kexu, ia mende laurdena bete eta oraindik gurasoen kabitik alde egin ezin dugulako, alokairuen espekulazioa eta prezioa neurrigabeak direla salatu genuen, inork entzun ez zigun arren. Harreman toxikoek sortutako zauriez eta hauek sendatzeko ukenduez mintzatu ginen, zer emateko eta zer jasotzeko prest gauden. Kateatu ginen lan prekarioek osasun mentalean duten eraginaz, zerk zer eragiten duen, eta hori zergatik argitu nahian. Gure belaunaldiaren espektatiben erortzeak beldurtu gintuen. Eztabaidatu genuen mundu ikuskerez, bidaiatzeko moduez eta lekuez, isiltasunez eta gehiegi hitz egiten duten horiez. Bat egin genuen herriko jairik gabe aurtengo uda ezberdina izan denaren tesiarekin, sintesi ezberdinak atera bagenituen ere. Lortu genuen arazoez hirugarren pertsonan hitz egiteari utzi, eta lehen pertsona pluralari eusten, hori ere besarkatzeko modu bat delako. Elkartzen garenero arazo berez hitz egiten dugu, ordea, eta hori ez da kasualitatea.
Biharamunean ohartu nintzen bota geniola errua udari, egin gabe utzitako guztiari; eta jarri geniola esperantza eta ilusioa irailari, ekiteko genion horri. Baina urtarrilean ere, promesa berak egin genituela konturatu naiz. Iragana eta etorkizuna bereizten gabiltzala etengabean, eta planifikazio horretan, balorazio eta antolatze horretan oraina eskuetatik ihes egiten ari zaigula.
Izan urtarrila, edo izan iraila, denbora mugatua da.