Estribilloak
Ez naiz bereziki musikazalea, ez naiz goizero esnatu eta musika jartzen duten horietakoa, ezta dutxatu bitartean, autoan bai. Baina egia da geroz eta musika gehiago entzuten dudala, gustatzen zaizkidala lagunek bidalitako abestiak deszifratzea eta deskubritzea.
Hala ere, oraindik, ez dut gaitasun musikal handirik, ez ditut estiloak, erritmoak, musika tresnak… bereizten lehen entzunaldietan, eta ez dut antzematen musikalki izugarri ona den hori. Baina jarraitzen dut maiz musika entzuten, eta maizago musikariak entzuten. Koaderno zahar batean ideiaren bat bilatzen nenbilela, Gorka Urbizuk pasa den urteko Kantagiltza emanaldian kontatutakoa aurkitu dut, eta guztia ez denez ezerezetik sortzea, bere hitzak hona ekartzea pentsatu dut. (Bide batez, mila esker Kantagiltza antolatzen duzuen kideei, kultura hain modu interesgarri eta kalitatezkoan hurbiltzearren oiartzuarrongana).
«Estribilloak niretzat tiovivo-an doan haur batentzat buelta bakoitzean gurasoen agurra ikustea bezalakoa da. Emango ditut ez dakit zenbat buelta, baina beti izango dut gurasoen irribarrea den helduleku hori, horregatik behar du nire kanta orok estribillo bat».
Ezer gutxi dakit kantak sortzeak suposatzen duenaz, baina ezaguna egin zitzaidan Gorkak azalduriko sentimendua. Ez al zaizu gertatu parrandan abestirik ezagutzen ez duzun sentsazio hori izan, eta albokoak estribilloa zein den txibatutakoan lasaitua hartzea? Dantzan ez dakigunontzat lasaitu ederra izaten da behintzat.
Estribilloak kantuetatik haratago ditugu ordea. Estribilloak ez al dira heldulekuak? Beheko plazako barraketan halaxe ibiltzen ginen (eta ibiltzen dira) xanistebanetan. Nire gustukoena zabua zen, zaldien ondoan egoten zen hori, buelta bakoitzean askeago sentitzen nintzen, baina beti begiratzen nuen izkinara, eta lekunberritarrak esan bezala, lasaitasuna ematen zidan, abentura horren erdian gurasoak hor zeudela ikusteak, ez dutela alde egin, disfrutatu nezakeela sabelean tximeletak eta elefanteak sentituz.
Eta egun, barraketako zabuetan ibiltzen uzten ez badidate ere (edo nik neuk ez diot neure buruari uzten?) bizitzan estribilloak behar ditudala sumatzen dut. Estribilloak izan daitezkeelako kantuak, lekuak, usainak, pertsonak, zaporeak. Batez ere lagunak. Hamaika mila buelta eman ostean ere, irribarre konplize batekin hor daudenak, gure helduleku izango direnak tiovivo-aren hurrengo bueltan ere.
Izan kantuak, edo izan giltzak, jarrai dezagun estribilloak ozen abestu eta zaintzen.