Sexuatua asexuatuz
Esango nuke gero eta ohikoagoak direla klase sozial, kultur, erlijio, genero edo beste edozein motako aniztasuna kontuan hartzen duten mezuak. Eskerrak pixkanaka errealitate ezberdinak existitzen direla kontuan hartu eta denei ahotsa ematen saiatzen garen. Hala ere, faltan botatzen dut zutabe hauen lehen lerroan jarri ohi ditudan adimen urritasuna duten pertsonak eta haien eskubideak ere. Irribarre bat ateratzen zait noizbehinka horien aldeko keinu bat ikusten dudanean, ikastetxeetako matrikulazio kanpainen iruditan, kiroldegiko piszinako kartelen batean, kultur ekitaldien eskuliburutan edo LGTBIQ+ kolektiboaren egitarauetan. Hori bai, desgaitasunak ere mila aurpegi ditu eta dena ez da fisikora mugatzen. Askotan gurpildun aulkiak ikusi ohi ditugu desgaitasunaren errepresentazio. Ordea, gurpildun aulki horietan esertzen ez diren beste hainbat eta hainbat pertsona dago gure inguruan, aitorpen bat nahi dutenak eta publiko izan nahi dutenak. Kontua da, desgaitasun fisikoa agerikoago egin dugula intelektuala atzean utzi dugun bitartean.
Eta aipatutako mezuak sexura mugatzen baditugu? Ausartuko naiz esatera oraindik eta utopikoago bihurtzen dela desgaitasun intelektuala duten pertsonen integrazioa. Logikoa, ez baitakite sexua, bere zentzu zabalean, zer den ere. Gauzak horrela, aniztasunaren eta askatasunaren aldeko aldarrian bat eginik, adimen desgaitasuna duten pertsonen kolektiboaren aldeko manifestua idatzi dut datozen lerrootan.
Funtzionamendu intelektualean limitazioak dituen pertsona batek, gainontzekook bezala, sexua zer den jakin behar du. Azaldu egin behar zaio, ez gehiago eta ez gutxiago, baizik eta, ahalik eta modu pertsonalizatuenean. Sexu eskubidea ukatzen diegu, haien izaera asexuatuz. Gurpildun aulki batean dagoen pertsonak desgaitasun intelektualik ez badu, arazorik gabe hausnar dezake beretzat zer den sexua, nolakoa nahi duen eta norekin. Baina desgaitasun intelektuala duen pertsona batek ez, eta ulertzeko zailtasuna izateak ez lioke sexurako eskubidea ukatu beharko.
Argi utzi nahi dut nire asmoa ez dela konparatzea, baizik eta argi uztea, gurpildun aulki bat publikoki azaltzeak ez duela esan nahi desgaitasun bat duen pertsona orok duela sexurako aukera berdina. Adibidez, gizon izateagatik bakarrik, pribilegio gehiago dituen gizon txuri bat ezingo da beste gizon txuri batekin alderatu adimen desgaitasuna badu. Are gutxiago, etnia jakin batekoa edo emakumea bada, ezta? Arrazoitzeko apoioak behar dituen pertsona bati sexuaz hitz egin gabe, aukerak eman gabe, haren iritziak kontuan hartu gabe, ziurrenik, ez du bere sexu orientazioa zein den deskubrituko. Edo okerrago, ez du hari dagokion zerbait denik planteatu ere egingo.
Ekainaren 28aren harira, LGTBIQ+ harrotasunaren egunean, kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko egunean, desgaitasun oro duen pertsonen presentzia ezinbestekoa dela aldarrikatzea gustatuko litzaidake. Gizaki garen momentutik denok garelako sexuatuak, denok dugulako sexurako eskubidea, aske izateko eskubidea; fantasiak izateko eskubidea, desiratzekoak eta desiratuak izateko eskubidea. Maitatzeko eskubidea, gozatzeko eskubidea eta esperimentatzeko eskubidea, denok baitugu imajinazioa soberan. Beraz, erabil dezagun egun hau estereotipo, aurreiritzi eta mito guztiak hautsi eta modelo berriak eraikitzeko, ikusgarri bihurtzeko eta normalizatzeko. Pertsonei hautatzeko aukera emateko, zalantzan jartzeko eta probatzeko. Nola normalizatuko dugu desgaitasun intelektual bat izateagatik pertsona bat asexuatzea?