Ispilu-egunak
Urtean behin edo bitan izaten dira ispilu-egunak: geure buruari eta bizitzari begira jartzen gaituzten egun horiek. Unibertsalenak urte amaieraren bueltakoak izango dira: pasa den urteari begiratu, eta urte berriarekin batera estreinatzen ditugu asmo eta helburu berriak –edo zaharrak berriz–. Izaten dira beste ispilu-egun batzuk ere abuztuaren amaiera aldera, ikasturtea hasi aurretik; ikasle eta irakasleontzat, behintzat, une berezia izaten da: urte berri moduko bat, piroteknia eta festa gutxiagorekin ospatzen dugun arren.
Kutsu ezberdina hartzen dute halako egunek, existentzialista samarra beharbada, geure bizitzari begiratzeko eta hartaz pentsatzeko aukera ematen digutelako –nondik nator?, nora noa?–. Eten bat egitekoa, nolabait. Niri gustatu egiten zait arnas hori hartzea eta, eskaileretan gora igota bezala, bizitzari beste ikuspegi batetik begiratzea: zer egin dut? eta, batez ere: zer egin nahi nuke? Eta gustatzen zait horiek zerrendatzea. Izan zitekeen lagunarekin elkarrizketa bat, edo geure buruarekin barne-solasaldi bat; hori oso ongi dago eta laguntzen du norbere ideiak ordenatzen, baina ispilu-egunak ez lirateke benetako ispilu-egun, bukaeran zerrendarik ez balute. Boligrafoz, koadernoren batean, gero hor nonbait erdi galduta geratuko bada ere. Plazera da niretzat zerrendak egitea, eta plazer handiagoa, ikasturte berria –eta bizitza– diseinatzea.
Helburu batzuk potolo samarrak izaten dira: idatzi orduko pentsatzen duzu urrunegi joan zarela seguruenik eta, handiegia izateagatik, lorpenen perimetrotik kanpora geratuko dela. Badira urtez urte errepikatzen diren helburuak: neurri batean betetzen dituzu, baina, agian, ez dituzu behar bezain barneratuta; beldur-puntu bat ematen dizu zerrendatik kanpora uzteak, arriskua zeneukalako orain arte lortutakoa galtzeko. Badira kutsu exotikoa dutenak, zerrendara lehenengoz datozenak: kirol bereziren bat egitea, adibidez. Eta badira originalak diren helburuak, orain arte sekula planteatu ez zenituenak; bizipoza ematen diote hasi berri duzun ikasturteari, hasierako hilabeteetan, behintzat.
Kontuak kontu eta helburuak helburu, ispilu-egunek badute arrisku bat: ispilatzeetan galtzekoa. Interesgarria da asmo berriak pentsatzea eta geure buruari erronkak jartzea, baina, are interesgarriagoa, oinak lurrean izatea. Bestela, konturatzerako, lehengo ohituretan eta inertzietan sartuta ikusten dugu geure burua, eta frustrazio-sentimendu batek jaten gaitu. Agian, helburu horixe gehitu beharko genioke zerrendari: geure neurriko helburuak jartzen ikastea.