Hitzetan bizi
Hitzekin begiratzen diogu munduari, hitzen galbahetik iristen zaigu mundua, ez dugu hitzez bestelakoa den mundurako sarbiderik, ez dugu hitzetatik ateratzerik. Hitzek bizi gaituzte.
Denok ez ditugu hitz berak, ordea. Denok ez diogu azalpen bera ematen munduari, ez dugu berdin ulertzen. Neurri handi batean, modu inkontzientean: sortzen garenetik, mundu bat bete azalpen jasotzen dugu, eskatu gabe iristen zaizkigu zenbait balio, helburu, uste, ohitura, mania. Eta oinarri horren gainean jarraitzen dugu nork bere hitzak afinatzen, hasten gara mundu bakarraren gainean mundu partikularragoak sortzen. Esan liteke hitzak noten pareko direla eta abestien pareko direla hitzen bidez sortzen ditugun azalpenak eta diskurtsoak. Abestiaren arabera modu batera edo bestera mugitzen gara, dantza bat edo bestea egiten dugu; halatsu moldatzen dugu bizimodua ere hitzen eta diskurtsoen esanetara. Nork bere mundua dantzatzen du.
Honezkero etorriko zitzaizkizun gogora abesti atseginagoak eta hain gustagarriak ez direnak, partekatzeko gogoa ematen duten abestiak, eta abesti itsusiagoak, ondoan geratzeko gogorik ematen ez dutenak, alaiak, dantzagarriak, neketsuak, zailak, hutsak… Abesti guztiak ez dira berdin. Badira, izan, kaltegarri izan dakizkigukeenak, eta osasuntsuak, gorputza egurasteko ahalmena dutenak. Hitzek eta diskurtsoek ere albo-kalteak izaten dituzte, norberarentzat eta ingurukoentzat; kutsakorrak dira, onean eta txarrean. Besteak beste, zaindu eta aztertu beharrekoak lirateke gaur egun sare sozialetatik eta komunikabideetatik iristen zaizkigun diskurtsoak, nahi gabe ere zipriztintzen gaituzten horiek.
Bizitzarako soinu-banda bat sortzen dugu, nolabait, eta guk hura adina moldatzen gaitu hark gu. Horixe da kontua. Hitzek bizi gaituzte. Eta, zenbaitetan, partikulartasunez harago, mundutik gehiegi urruntzen diren munduak sortzen ditugu. Obsesioak, itsukeriak, geure buruari jarritako zailtasunak, oztopoak, distortsioak. Bizitza batzuek desafinatu egiten dute.
Diskurtsoen eta abestien arteko konparaketa ez da guztiz egokia, dena dela. Abesti bat erraz aldatu genezakeelako eta abestiaren erritmora dantza, orain abesti lasai bat, orain indartsuago bat, geroxeago eguna alaitzen didan hori. Zaila da, ordea, hasteko, munduari ematen diogun diskurtsoaz kontziente egitea; are zailagoa, hura aldatu nahi izatea, hain geurea dugun mundu partikular hori; zailagoa, aldatzea. Diskurtsoek ez dute, inondik ere, Youtubeko kantuen iragankortasunik: kantu baten hogeita hamar segundo, beste baten lau, hurrengoaren bi minutu. Ez dute binilo eta kasete zaharren A eta B alderik ere.