Husteaz
Kafe kikara husten den bezala husten da gorputza batzuetan, bizpahiru tragotan. Husten da indarrez, husten da ideiaz, husten da gogoz. Izan daiteke mendi ibilaldi luze bateko azken aldapa, eguzki galdatan; izan daiteke gorputza eta bizitza aldarazi digun gertaeraren bat —erditze bat, demagun—; izan daiteke ezusteko ezbehar bat, geure baitara biltzen gaituena ezinbestean, mundutik metro batzuetara urrunarazten gaituena. Husten da umetokia, odolusten dira zainak, husten dira birikak haizez. Gorputza husten zaigu batzuetan, eta uzten dugu afizioa, uzten dugu koadernoa, uzten dugu laguna.
Husten dira etxeak eta herriak ere. Indarrez, batzuetan: badira urtegi bat egiteko hustutako herriak, uda beroek lehortutako putzuetan agertzen direnak aldian-aldian. Abandonoaren indarrez, beste batzuetan: pareta zahar bihurtzen dira etxeak; ikuspegi bat galtzen du munduak: sukaldeko leiho zabal hura. Bada huste berezi bat, uda aldean nabarmentzen dena hori ere: bisitariz eta souvenir dendaz, boutique bereziz eta glamourdun jatetxez betetzen dira herri zoragarriak, eliza erromantikodun eta harrizko kaledunak; bertakorik apenas biziko da, goizeko bederatzietatik aurrera hartuko dute bizitza, dendak irekitzean. Hustuta egoteko modu berezia dute turistaz betetako herriek.
Husten dira garagardo botilak sonbrillen itzalpeko terrazetan: beroak eta opor giroak elkarrizketa luzeagoak sorrarazten dituzte eta egarria ematen dute. Husten da mugikorraren bateria, kargatzeko aukerarik ez den edozein txokotan; galduta sentitzen gara, zintzilik, zerbaiten faltan. Husten da eguneko egitekoen zerrenda, husten da agenda, planifikazioa, eta halako ezinegon bat sortzen zaigu; betetasunak betetzen gaituelako, jasangaitza zaigulako hustasun hutsa.
Argazkien negatiboen antzera, ordea, hutsuneak bizi gaitu.