Gorputz izan
Aurreko astean kafe filosofiko batean izan nintzen —filosofiaren arloren bati lotutako azalpen bat hasteko, eta, ondoren, bertaratutakoen artean solasaldia; taberna batean, trago edo kafe baten bueltan—. Bukaera aldera, saioaren moderatzaileak galdera egin zigun: zein da gaur egungo galdera filosofikorik urgenteena? Eta filosofiak horixe du, erantzunak berritzen direla baina galderak askorik ez; partaideetako batek betiko galderetako bat bota zuen: «Nor naiz ni?». Horixe dela berriz ere erantzun beharra gehien eskatzen digun galdera. Eta zalantza egin zuen, azkenaldian errepikatzen den eran, gorputz ote garen.
Marina Garcések esaten du XXI. mendean garrantzi handia hartu dutela gorputzaren inguruko auziek eta eztabaidek; hainbat ikerketa eta galdera berri ireki dituela gorputzari buruz eta gorputzetik pentsatzen hasteak —filosofiaz ari da bera, baina antzera ari da gertatzen gainerako jakintza-arloetan ere—. Filosofiaren historian berri samarra da hori, izan ere, Mendebaldeko filosofiako izen handiak —gizonak, zuriak, aberats samarrak— gorputza filosofiaren eremutik baztertzen tematu dira: Platonek zentzumenen haitzuloaz hitz egin zigun, eta gorputzaren engainuez; Descartesek zioen gorputza lekua okupatzen baina pentsatzen ez duen zera bat dela, nirea. Zentzumenen eta pasioen bidez engainatzeaz gain, gorputza lanerako, ugaltzeko, gaixotasunerako eta heriotzarako lotura saihetsezina izan da hainbat filosoforen ahotan. Eta presentzia gupidagabe horri ihes egiteko asmatu du gorputzak haragoko mundu bat: ideien mundua, arima, zerua, eternitatea.
Marina Garcések, ordea, egungo beste filosofo batzuek bezala, ni nire gorputza naizela dio; gorputza ez dela hor dagoen eta leku batera lotzen gaituen zera hori, ezpada leku ororentzat baldintza. Gaixotasuna, lana, ugalketa, heriotza, zentzumenak eta pasioak ez dira gainditu beharreko zigorrak, baizik neroni pentsatzeko errealitateak eta ni hori zehatz egiteko baldintzak.
Hala iruditzen zait niri ere: gorputza garela. Eta uste dut erraz sumatu litekeela hori, batez ere gizonezko gorputz zuri normatibotik ateratzen bagara, traba pixka bat egiten duen gorputza bagara: emakumezkoa, arrazializatua, lodia, elbarria, zaharra. Edo bat-batean egiten gara gorputz izateaz kontziente gaixotzen garenean, haurdun geratzen garenean, bular bat kentzen digutenean. Gorputza ez da munduan dagoen objektu bat: garen gorputzetik sentitzen, gozatzen, sufritzen eta pentsatzen dugu; edo: garen gorputzetik pentsatzen eta bizitzen ikasi behar genuke —handia baita Mendebaldeko tradizio filosofiko-erlijiosoak jarri digun zama—.
Gorputz gara eta gorputz izaten jakin behar genuke. Bizitzen eta hiltzen.