Eman besarkada, eman baliabideak
Buruko Osasunaren Munduko Eguna, urriak 10. Hitza aldizkaria paperean eskutan baldin baduzu, gaiari buruzko zenbait ertz jasotzeko aukera. Ez da gai arina buruko osasuna, edo arinkeriekin erantzutekoa. Ez da lerro gutxi batzuetan erantzuteko moduko gaia. Gizaki guztioi eragiten baitigu buruko osasunak, eta harekin bizi behar dugu jaiotzetik heriotzeraino.
Zorionekoak gara ondo sentitzen garenean, geure buruarekin pozik eta harro gaudenean, kezkak alboratuta dauzkagunean. Baina azkeneko bi urteetan, egon dira hamaika motibo gizakion buruko osasunak ohi baino krakateko gehiago izateko (lehendik ere bizi ginen presazko bizimodu trakets batean, eta ez ziren gutxi arrazoiak gaiari heltzeko). Iaz, pandemiaren aurreneko hilabeteetan, zahar etxeetan dauden adinekoek edo haien etxeetan bakarrik bizi diren aiton-amonek sufritu zuten gehien. Sufritu zuten bakardadea, eta erakundeek hartutako zenbait neurrik eragin zuten haien buruko osasuna eta osasun emozionala kaltetzea. Agian gauzak nahasten ari naizela pentsatuko duzue…
Baina bakardadean gertukoen maitasuna sentitu gabe asteak eta asteak pasatu zituzten adinekoek bezala, herritar asko daude —beste adinetakoak ere— haien barne infernu mingotsak bakardadean jasan behar dituztenak. Ez dutenak inolako laguntzarik jasotzen. Bat-batean orkatila edo eskumuturra bihurritu daitekeen bezala, pertsona baten buruko osasunak egin dezake une batean krak. Izan daiteke aspaldi gertatutako shock traumatiko bat azaleratu delako (demagun, torturatua izan zelako), gertuko norbaiten heriotzagatik, norbere buruarekin haserre egoteagatik, depresioa iritsi delako, diru arazoek loa galarazten dutelako, lan faltagatik edo lan giroan jasandako jazarpenagatik, aspaldi jasandako sexu eraso bategatik, norbere bizitzaren egunerokoan ikusten dituenekin gustura ez sentitzeagatik, maite den pertsona urrun dagoelako, barneko mina bideratzeko aukerarik ez izateagatik, arnasa hartzeko ere denborarik ez izateagatik, estresagatik, antsietateagatik, amets guztiak zapuztuak ikusteagatik edo kanpotik txikikeria bat dirudien arren pertsonari sekulako tragedia gertatu zaiola sentitzeagatik. Izan daiteke kontu horiengatik guztiengatik. Izan daiteke buruko gaitz bat izateagatik, modu batera edo bestera, lehenago edo gerago azaleratu den gaitz bategatik.
Halakoen aurrean, buruko osasunean bolada txarra pasatzen duenak gertukoen enpatia eta maitasuna sentitzea funtsezkoa da. Besarkada bat behar dutenean, eman besarkada. Behar badute norbaitek entzutea, egon alboan entzuten. Eskertuko dute, beti.
Edonola ere, alferrikakoa da erakunde publikoek eta gobernuak gaiarekiko mezuak eta kanpainak zabaltzea egunotan. Baliabideak behar dira edozein buruko osasun jasaten duen herritarrei benetako arreta emateko. Osasungintza publikoan ere bai, zalantzarik gabe. Azkeneko bi urteetan, zenbat izango ziren psikologo pribatu bat ordaintzeko dirurik ez dutenak izan? Makina bat, bai.
Iazko urrian, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan buruko eriek eta haien senitartekoek osatzen dituzten elkarteak batzen dituen Fedeafes federazioak buruko osasunerako inbertsioak handitzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Ondoan gaituzu. Urruntze sozialak ez zaitzala isolatu kanpaina abiarazi zuen federazioak. Ez dadila Jaurlaritza kanpainako leloaren hitz hutsetan gelditu, eta erantzun dezala behar denarekin: gizarteko herritarren buruko osasuna zaintzeko baliabide ekonomiko eta material guztiekin. Gizarte osoak du horren beharra.