Elkarrizketak
Tristura hartu nuen apirilean, Joxe Sagarzazu Xurdo (Pasai Donibane) hil zela jakin nuenean. Arraunlaria, Espainiako Boxeo Txapelketako irabazlea, kasta handikoa zen Xurdo. Oroitzapenek 1996-1997 ikasturtera eraman ninduten, Oarso Telebistako Berriketan saiorako elkarrizketatu baikenuen Xurdo. Tarte dibertigarriak pasatu genituela dut buruan. Leire Mendizabal, Arantxa Iraola eta hirurok aritzen ginen saio hartan gidoilari, eta aurkezpen lanak Joxe Juan Ugaldek betetzen zituen. Ondo gogoan ez dudana da nolakoa izan zen Xurdoren elkarrizketaren emaitza.
Arantxa Iraola lankide izan dut gerora ere, eta azkeneko urteetan irakurri dudan elkarrizketa hunkigarrienetako bat hark egina da. Joan Mari Irigoien idazleari 2019ko abenduaren 20an egin ziona, non eutanasiaren aldeko jarrera azaltzen zuen Altzako sortzaileak. Elkarrizketa on batek izan behar dituen ezaugarri dezente zituen Iraolak idatzitakoak —beste elkarrizketa batzuetan ere hala erakutsi du Errenteriako kazetariak, urte luzez—.
Duela aste batzuk, Francisco J. Rodriguez Baena Kataluniako kazetari eta historialariak osatutako artikulu batekin egin nuen topo, elkarrizketa on baterako dekalogoa proposatzen duena. Aurora Anton irakaslearen zenbait gomendio jasotzen ditu dekalogoak, eta honako esaldia iradokitzailea iruditzen zait: «Eztiarekin euli gehiago ehizatzen dira ozpinarekin baino, eta umorez eta adeitasunez informazio gehiago lor daiteke». Kazetariak gidoitik guztiz ateratzeko prest joan behar duela ere gomendatzen du Baenak dekalogoan, eta Paul Connelly kazetariaren beste gomendio hau jaso: «Elkarrizketatuak ezustekoa den zerbait esaten duenean, hari horretatik jarraitzeko aukera izan behar du elkarrizketatzaileak».
Tico Medina Andaluziako kazetaria uztailaren 5ean zendu zen. Che Guevara, Salvador Dali eta Fidel Castro elkarrizketatu zituen Medinak, besteak beste. Irudikatzen dut elkarrizketa horietan galdetegia ondo prestatzea funtsezkoa izango zela, baina ezustekoei tira egiteko ondo erreakzionatzea are garrantzitsuagoa, Connellyk gomendatutakoaren ildotik.
Badira bestelako elkarrizketak ere, makurrak. Roman Protasevitx Bielorrusiako kazetari kritikoari ekainaren hasieran egin zioten elkarrizketan ez zegoen kazetaritzarik. Maiatzaren 23tik atxilotua zegoen kazetaria, eta han eta hemen ohartarazi zuten mehatxupean eman zuela elkarrizketa antzeztu hura Protasevitxek. Bielorrusian gobernuaren aurkakoak jasaten ari diren torturen erakusle badela ere aipatu dute zenbaitek.
BBC telebista publikoak barkamenak eskatu behar izan zituen maiatzean, Erresuma Batuko Auzitegi Goreneko magistratu ohi John Dysonek egindako ikerketak ondorioztatu duelako Martin Bashir kazetariak agiri faltsuak erabilita konbentzitu zuela Diana Spencer Galesko printzesaren familia elkarrizketa pertsonal bat ematera. BBCren dokumental batean jaso dute Diana Spencerren elkarrizketa hark 1995ean izan zuen eragina, baina salatu gabe kazetariaren jukutria elkarrizketa lortzeko.
Elkarrizketa bakoitzak badu bere testuingurua, emaitza ere askotarikoa da hartzaile bakoitzaren begietan edo belarrietan. Ez du zerikusirik Juan Joya Borja El Risitas-ek —Xurdo hil zen hilabete berean hil zen, apirilean— Jesus Quinterorekin zituen elkarrizketa umoretsuak edo Dani Arizalak Beste gu saioan guardia zibil bati egin zion elkarrizketak.
Distantziak distantzia, eta kazetariak ahalik eta protagonismo gutxien hartu behar duela aintzat hartuta, limurtzailetik badu Gabriel Garcia Marquez idazle eta kazetariak 1981ean Parisen esandakoak, elkarrizketak maitasunarekin alderatuz: «Bi pertsona behar dira egiteko, eta soilik ondo ateratzen dira bi pertsonek elkar maite badute». Maitasun hori guztiz efimeroa baldin bada ere. Pentsatu nahi dut Oarso TBko Berriketan saioko elkarrizketetan bazela maitasun horretatik zerbait.