Haiek kaka diote, guk amen
Larunbat goizetan Lezon ibiltzen ginen. Oriotarra tabernaren inguruan, edo Uztarri, Allerru, Mikel inguruan…». Ion Arretxek gazte garaiak gogoratzen ditu Intxaurrondo. Intxaurraren hostopeko itzala liburu bikainean. Arretxe (Errenteria, 1964-Madril, 2017) aitortza merezi duen eskualdeko marrazkilaria. El hijo de la Pili kantaren sortzailea. Arte zuzendaria telebistan eta zineman. Guardia zibilen eskuetan jasandako tortura eta tortura artean, liburuan RRVko pasarte gogoangarri batzuk ere badaude. Halako batean, Euskal Herriko punk taldeen kontzertu batean Evaristo Paramos hasiberriari esan ziotela Oreretan: «Hi ez haiz punkya. Ez, hi ez haiz punkya, heavyaren botinak dauzkak eta». Tira, gero Evaristoren erantzuna iritsi zen La Polla Recordsen Muy punk abestian (Salve diskoa, 1984): «Etorri zure uniformearekin / eta zure garun deformearekin / Punk moda Galeriasen, oso punk!». Eta lelo adierazgarriena: «Postaleko punkya, lalala, erakusleihoko punkya».
Donostiako Zinemaldian ikusi nuen Evaristo. No somos nada dokumentalaren estreinaldian, Kursaaleko sarreran, oihukatu nion ea ez garen ezer. Eta hark erantzun, zinemara dohainik sartzeko bidea zuela, eta bazela zerbait. La Polla Recordsen azkeneko kontzertuetan bizi izan ziren energia sutsuko momentu batzuk ikusten dira Javier Corcueraren dokumentalean. Abenduaren 17an eta 18an Gasteizen joko du taldeak, eta hil horren 29an Donostiako belodromoan, Euskal Herrian azkeneko aldiz.
Irudika dezaket nire gorputz zaharrunoa, hemendik urte batzuetara, La Pollaren bertsioak egiten duen talderen baten kontzertuan. Todo por la patria 52 segundoko abestia kantatzen: «Dena aberriagatik / dena diruagatik / dena legeengatik / eta billeteengatik».
Ez naiz postaleko punkya inoiz izan. Burges txiki bat, bai, izatekotan. Baina RRVko kantekin gozatu dut sarri. Ez zait okurritu beste norbaiti esatea postaleko hau edo bestea dela, erakusleiho hutsal bat dela (edo alkoholak ez dit utzi halakorik gogoratzen, bederen).
Baina hasi beharko dut noizbait. «Inork protesta dezan debekatzen du moralak / Haiek kaka diote eta guk amen» (La Polla, 1989). Zeren ni neu burges txiki euskalduna naizela onar dezaket, baina haien burua ustez ezkertiartzat jotzen duten zenbaitek euskara burgesiarekin lotzea, ikastolak burgesiaren nahastea… ba ez, aizue, halako okurrentzia nazkagarria izan dutenak ez dira postaleko ezkertiarrak izatera ere iristen. Bizi dugun diglosian hizkuntza gutxituari errespetua ez dionak ez du ezkertiarretik ezer. Ez badute euskaraz eta euskaratik bizi nahi, haien kontua izango da, baina errespetatu dezatela, behintzat. Evaristori, adibidez, ez litzaioke inoiz okurrituko ikastolak burgesiarekin lotzea; eta, tira, behintzat grabatu zuen kanta bat euskaraz: Shanti. Eta bere jokabideak ezkerrekoak izan dira gehienetan, nik dakidala.
Postaleko punkya Evaristo, Oreretako punkyenen iritziz. Postaleko abertzaleak dira Euskal Herrian makina bat politikari —eta politikari ez direnak ere—, interes propioak besterik buruan ez dituztenak. Kanbo ez dela Euskadi aho beroarekin esaten (2018ko apirila) agintean dauden batzuek. Ez dute onartuko, gainera, agintepeko erabakiekin burgesia boteredunaren mesedetan baino ez dutela jokatzen. Eraikuntza enpresetako jabeekin negozioak egiten, esaterako. Langile borroka mespretxatuz. Gizartearen aurrean euskal oasia postal batean erakutsita, kontrolpeko erakusleihoetan.
Bitartean, inflazioa gorantz doa etengabe. Postaleko abertzale eta ustezko ezkertiar zenbaitek izango dute aukera haien hurrengo negozioan pentsatzeko, botereari nola eutsi makinatzeko. Baina bitartean, herritar langile xumeak estu eta larri, La Pollaren 1999ko diskoko kanta nagusiak duen moduan: Toda la puta vida igual (Bizitza puta guztia berdin).
*No somos nada (1986) diskoko 17. kanta gordeko dut hurrengo hilabeterako: Hipócritas (Hipokritak).