«Utzi eramaten»
Eguraldiak kontrakoa esan arren, egutegiak uda iritsi dela dio gurean ere. Ez naiz eguraldiaz jardungo, askorentzat igogailuko gaia baita, nahiz eta nire ustez geroz eta transzendentzia gehiago duen gaia den, mundua zaborretara botatzen ari garen garai honetan. Hala ere, udan bizitza «lasaiago» hartzeko joera nagusitzen da iragarki, eta lagunarteko elkarrizketetan. Guztiok behar ditugu atseden uneak, deskantsua eta eguzkitako krema usaina duen uda sentsazioa gure gorputzean.
Aste barrua-asteburua artean banatu ohi dugu zazpi eguneko astea. Sarritan antipodetan jokatzen ditugu 5-2 egunen antolaketa eta bakoitzaren izaera, eta esango nuke antzekoa gertatzen zaigula urteko lau urtaroekin ere. Uda eta besteak bereizten ditugula esango nuke, lana eta atsedena, formaltasuna eta desfasea, zuzentasuna eta nahidudanaegindezaket-a.
Ez dakit gutxiago haserretzen garen udan, baina haserretzen garenean ere, «ez jarri horrela» edo «lasaiago hartu beharko zenuke» gehiago entzuten ditugula esango nuke. Eta zentzuzkoa dirudi, hondartza lasai batean muturtuta egotea, edota bidegorriko iluntzeko ibilera isilik egitea ez baita hain gustagarria. Agindu bat izaten dugu, baina: «Utzi eramaten» (ez dakit adiera egokiena den, gaztelaniazko déjate fluir ordezkatu nahi nuen, baina ez adimen artifizialak, ezta Internetek ere ez dit behar adinako tokiko jakintzarik ematen, hau beste baterako).
Udako jarrera horiek nire buruari justifikatzen nenbilenean, ordea, egin nuen topo Marta Jimenez idazleari egindako elkarrizketa batekin. Maitasunaren inguruan hitz egiten zuen berak, baina berak esandakoetatik abiatuta begirada zabaldu eta orokortzeko lizentzia hartuko dut nik.
«Eramaten uztea» , kontrakoa sinetsita badugu ere, ez dela instantaneoa, bapatekoa, emozionala esaten du berak; botere harreman baten baitan eraikitako ideia neoliberala dela hori ere. Erabakirik ez hartzeko esaten digu premisa horrek, baina jakina da erabakiak etengabe hartzen direla, eta guk hartzen ez baditugu, beste norbaitek hartzen dituela gure ordez erabakiok. Eta beraz, ez dela askatasunaren, lasaitasunaren edota udararen aldarri eramaten uzte hori, beste norbaitek norabide jakin batean kokatzeko trikimailua baizik.
Inguru seguru batean zaudenean, ederra izan daiteke non bukatuko duzun jakin gabe arratsaldea pasatzea; ederra auskalo nongo herriko jaietan, Aiako Harrian iluntzea ikusten, edota Hendaiako hondartzan bainu bat hartzen bukatuko duzun ez jakitea, eta gertuko lagunekin egitea ederra baita. Baina kasu, inguru guztiak ez dira seguruak, eta pertsona guztiak ez dira udako iragarkietako jatorrak. Batzuk, ezin dugu «eramaten utzi», batzuk inoiz ezin diogu alarma egoeran egoteari utzi. Ezta udan ere, denek bizitza lasai hartzeko gomendatzen digutenean. Izan ere, hiltzen ari gaituzte. Pasa den astean Iruñeatik iritsi zitzaigun berria, 2023a hasi zenetik Euskal Herrian hildako laugarren emakumea.
Guztia politago marrazten diguten bolada honetan ere, guk argi dugu patriarkatuak ez duela atsedenik hartzen, are egoeraz baliatzen ederki dakiela. Bada kontuz, aurrean izango gaituzu.