Kanpoko eta barneko geografiak
Uda usaina-edo etorri den honetan, asko izango gara nora edo hara bidaiatzeko maletak prestatzen gabiltzanak. Eta oinetako eroso, eguzkitako betaurreko eta galtza motzak bildu artean, bidaiatzeak zer duen erakargarri ibiliko zaigu akaso buruan bueltaka.
Bidaiatzea leku berriak ezagutzea da; janari, jende, hiri, mendi eta giro berriak ezagutzea. Baina hori baino gehiago ere bada. Bada norbere burua ezagutzea ere. Kanporakoak eta barrurakoak, bi norabidetakoak izan ohi dira bidaiak. Hankapekoa da ezagutzen den lur bat; hanka gainekoa, bestea. Izan ere, gure burua leku, egoera, giro berri batean aurkitzeak ordura arte ezagutzen ez genuen beste gu bat zabal diezaguke begien aurrean; bizitako eta bisitatutako egoera zein leku berriek txoko berriak irekitzen dizkigute gure baitan. Geografiak zabaltzen dira.
Baten batek esan lezake, eta ez zaio arrazoirik faltako, bidaiena aitzakia izan daitekeela; urrutira joan gabe ere, zentzumenak zorroztuz gero, aurki litezkeela leku, egoera eta giro berriak gure herrian bertan, gure kale eta inguruetan. Eta, neurri batean, horrela da: begirada da batez ere bidaiatzen ari garenean aldatzen duguna; adi joaten gara, erne begiratzen dugu, egarriz dastatzen. Ariketa ona litzateke gure herrian bertan begirada zorroztuta bizitzen saiatzea, nola lekuak hala gure burua, gehiagotan deskubritu ditzagun. Baina horrek ere badu tranpa: egunerokoa eta errutina dugulako da posible ezberdina, deskubritzea, bidaia. Begirada zorroztuta egunerokoari ezberdin begiratuko bagenio, errutina bihurtuko litzateke hori ere, ez litzateke ezberdina izango.
Bidaiatzeak dakartzan deserosotasunen artean denak ez dira gustukoak. Eta ez naiz garbitasun, edo etxeko bestelako erasotasun faltaz ari. Bizitzea bera bezala, bidaiatzea ere kontraesanez beteta egoten da. Beti izango dugu hanka bat lokatzetan sartuta. Batez ere leku exotikoetara, batez ere leku merkeetara bidaiatzeak berarekin dakar, ezinbestean, besteek aberats ikusiko gaituztela jakitea, europar, eskubidedun, pribilegiodun. Bertakoen artean ezberdin izango gara eta, seguruenik, goragoko maila batekoak. Begirada antropologiko interesgarri kulturzaleaz ez dute deus ere ikusiko eta, aitzitik, diru-zorro hankaduntzat hartuko gaituzte. Eta arrazoi izango dute. Hori ere bagarelako. Eta, noski: bidaiari izango naiz eta ez etorkin. Zerbaitegatik dugu pasaportea: aberatsak eta pobreak banatzen dituen harresiaren alde honetakoak, alde onekoak, garela baieztatzen duen papera. Maletan sartu beharrekoen zerrenda adina luzatzen da kontraesanena. Edo gehiago.
Luxu handi bat da bidaiatzea. Seguruenik, gainerako luxuen antzera, beste batzuen miserien kontura bihurtzen dena luxu. Kontraesanak kontraesan, ordea, ematen dizkigun alde onei begiratuta egiten dugu bidaian aurrera, bizitzan bezala.
Maletan eramango dut hausnarketa hau ere.