Kulturaz
Gizakia da hezurrak, zelulak, emozioak; gizakia da esperantzak, plazerak, hesteak; balioak, bakterioak, giharrak. Osagai adina behar ditu gizakiak, eta, gogo eta gorputz osasuntsu egoteko, denak ase behar ditu, ditugu. Horietako bat da kultura. Jatea, ibiltzea edo arnasa hartzea behar dugun bezala behar dugu kontzertu bat, pelikula bat, liburu bat.
Plazer ematen digulako, bizi dugun mundua eta bizi ez ditugun beste mundu batzuk ulertarazten dizkigulako, ondokoarekin enpatiaz jokatzen laguntzen digulako, bizipen berriak eskaintzen dizkigulako, dantzatzeko eta oihu egiteko gogoa jartzen digulako, taldearen parte egiten gaituelako, bakardadean lagun egiten digulako… Horiengatik, eta beste hamaika arrazoirengatik, behar-beharrezkoa dugu.
Baina ez baita gauza bera jatea eta elikagai osasuntsuak ahoratzea, ibiltzea eta maiztasunez gorputza mugiaraztea, arnastea eta mendiko arnas garbia hartzea; ez da gauza bera abesti bat edo bestea entzutea, pelikula bat edo bestea ikustea, liburu bat edo bestea irakurtzea. Ahora zer eramaten dugun begiratzea bezain garrantzitsua da zer kultura kontsumitzen eta bizi dugun aukeratzea. Guk egin ezean, beste batzuek aukeratutakoa ariko baikara irensten. Auskalo nork, auskalo non, auskalo norentzat pentsatutakoa. Edo, hobe esanda, helburu jakin batzuk dituztenek kanpotik guretzat propio diseinatuak: entretenitzeko, azaleko gauzetan pentsatzeko, handiak handi eta txikiak txikiago izaten jarraitzeko, boterearen balioak iraunarazteko…
Udalaren ekimenez, herritar talde bat elkartu ginen duela aste batzuk Oiartzungo kultur egoerari eta etorkizunari buruz pentsatzeko. Gogotsu aritu ginen bertaratutakoak, eta ideia interesgarri ugari atera ziren, besteak beste, Oiartzungo kultura nolakoa imajinatzen genuen galdetuta: euskalduna, feminista, anitza, sortzailea, elkarlanean egina, parte hartzailea… Zer balio, zer mundu-ikuskera, zer gizarte-mota; hori dena dugu pentsatzeko eta erabakitzeko. Noski, horri guztiari gero forma eman behar zaio; baina, zorionez, ereduak badira; oraingoan ere ez gara hutsetik ari. Hor dira 10. urteurrena ospatzen ari den Azpeitiko Kulturaz Kultur Kooperatiba, ibilbidea estreinatu berri duen Aiaraldeko Kultur Faktoria, sortze prozesuan ari den Iruñeako Laba…
Pozgarria da Euskal Herri mailan bezala gurean ere kultur mugimendua bizi eta erronka berriei ekiteko gogoa dagoela ikustea. Kultura, izatekotan, horixe baita: bizia, berria, bizi nahi dugun mundua egiteko oinarria; atzokoa ahaztu gabe eta biharkoa gogoan, orainari begira ari dena.
Pentsatu eta eraikitzen jarrai dezagun.