Gutuna: 'Orereta Ttiki'
Gaur itxiko dute Orereta Ttiki haur-eskola. Horren harira, eskertza mezua helarazi nahi izan dute, gutun bidez, bertako langileek. Jarraian haiek esandakoak, hitzez hitz:
“30 urte. Horixe da Orereta Ttiki haur eskolaren bizitzak eman duena. 30 urte. Azkar batean esaten da, baina zenbat bizipen sartu litezkeen bertan!
Tamalez, eta gure eskuetatik ihes egiten duten hainbat arrazoiren eraginez, gure haur eskola txikiko ateak behin betikoz itxiko ditugu gaur.
Eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen:
Errenteriako Udalari lehenik. Udalbatza eta alderdi ezberdinekin izan dugu harremana, eta guztiek izan dute gu laguntzeko borondatea.
Ibilbide honetan guregan konfiantza jarri duzuen familia guztiei. Zuek izan zarete guztiaren oinarria, ez luke ezerk zentzurik izango zuen seme alaben heziketan gure aletxoa jartzen utzi ez bazenigute. Ez genuen beti eta denekin asmatuko ziur aski, baina bihotzez egin dugu.
Haur eskolatik pasa diren hezitzaile eta lankide guztiei. Plazer bat izan da ekipo. Milesker.
Aipamen berezia zuretzat, Ane. Zoritxarrez ezingo zera gurekin batera egon ateak ixten ditugun egunean, baina gauzak zuzentasunez egin nahia eta gure txikitxoen heziketan haur eskolek duten garrantzian zenuen sinismena, guregan geratzen da.
Orokorrean, egin duguna ilusioz beteriko bidea izan da, gure proiektuan, egiten genuen horretan sinistu dugulako beti, baina iritsi gara helmugara, etapa polit hau ixteko garaia iritsi zaigu. Aurrerantzean ere ilusio berdinaz egingo dugu aurrera, bizitzak guretzat prestatuta dituen auskalo zein bidetan.
Eskerrik asko bihotzez“.
Ainhoa Esnaola eta Alaitz Perez. Orereta Ttiki haur eskolaren izenean.