Iritzia: "Herritarrei gezurra esatea ez da oposizioa egitea"
Pasaiako PSE-EEk gobernu taldearen kritika egin du Bertakoen Aparkalekuak Arautzeko Ordenantzaren harira. Horri erantzuna eman dio Pasaiako Udaleko Mugikortasun zinegotzi Mikel Garcia Peñilek. Jarraian, hitzez hitz, hark esandakoak:
Herritarrei gezurra esatea ez da oposizioa egitea
Azken egunetan, Udal Talde Sozialistak oso baieztapen arduragabeak zabaldu ditu Bertakoen Aparkalekuak Arautzeko Ordenantzari buruz berriki kaleratu den ebazpen judiziala dela-eta. Tamalgarria da Pasaiako ordezkari publikoek herritarrak manipulatu nahi izatea, nahasmena eta segurtasunik eza besterik sortzen ez duten faltsukeriekin.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2025eko urriaren 17ko autoak ez du ordenantza eteten, PSE-EEk sinetsarazi nahi duen bezala. Auzitegiak 4.5 artikulua kautelaz etetea xedatzen du. Hori oso puntu zehatza da, eta ez dio inola ere eragiten bertakoen aparkatze- sistemaren funtzionamenduari. Artikulu hori Pasaiako Portu Agintaritzaren ibilgailuak aparkatzeko baimenari buruzkoa baino ez da, eta autoak ezartzen duena da portuak berak emango dituela baimen horiek, eta ez udalak.
Besterik ez. Neurri horrek ez dio eragiten Pasaiako bizilagun bakar bati ere.
Kezkagarria da —eta, egia esan, nahiko adierazgarria— udalerri honetan gobernu-esperientzia duen talde batek nahiago izatea zalantzak sortzea eta zarata elikatzea, adierazpenak egin aurretik gutxieneko informazioa jaso beharrean. Benetan PSE-EEk Pasaiari ekarpenen bat egin nahi badio, modu eraikitzailean lan egitera gonbidatzen dugu, proposamen serioak egitera eta hainbeste behar zen aparkaleku-sistema hobetzen laguntzera. Izan ere, herritarrek urteak daramatzate hori eskatzen, haiek gobernatzen zuten urteetan, hain zuzen ere. Eta 8 urte horietan ez diete bizilagunen behar eta eskaerei entzungor egin baino.
Egia da araudi berri hau ezartzeko prozesua ez dela perfektua izaten ari, baina egungo udal gobernuak, EH Bilduk eta Podemosek osatua, ausardia izan du bere agintaldiko lehen urtean gai konplexu bati heltzeko, aspalditik atzeratua eta funtsezkoa gure barrutietako mugikortasuna eta bizikidetza hobetzeko.
Bien bitartean, PSE-EEk kontrako botoa ematea erabaki du, alternatibarik ez planteatzea, eta orain, gainera, edonork irakurri eta egiaztatu dezakeen ebazpen judizial bati buruzko informazio faltsua zabaltzea.
Bozeramaile sozialistari gutxieneko erantzukizun instituzionala eskatuko nioke. Herritarrei gezurra esateak ez du gobernua ahultzen, tokiko erakundeekiko konfiantza kolektiboa ahultzen du. Botoak irabazteko duten estrategia errealitatea desitxuratzea bada, agian benetan garrantzia duten eginkizunetara bideratu beharko lukete beren energia: Pasaiaren alde lan egitera, proposamenak aurkeztera, konponbideak ematera.
Izan ere, gobernatzen dugunok betebehar bat dugu egiarekin. Eta gobernatu nahi dutenek ere konpromiso hori izan beharko lukete.
Mikel Garcia Peñil. Pasaiako Udaleko Mugikortasun zinegotzia.
