Handira pentsatzen hasi da Ander Iñarra
Mendiko lasterkari lezoarrak asteburuan hasiko ditu Munduko Kopako lasterketak, Alpeetan. Beste sei lasterketa egingo ditu bertan.
Munduko Kopari eutsiko dio asteburuan Ander Iñarrak. Handian pentsatzen hasi da. Sasoian zehar bi mugarri garrantzitsutan bikain ibili ondoren, (Lezo-Jaizkibel irabazi zuen, eta Espainiako Lineako Txapelketan 3. izan zen, apirilaren 24an), egutegi gogorrenari ekiteko prest da gaur (osteguna) 31 urte bete dituen lezoarra. Iaz, laugarren izan zen Munduko Kopan.
Merrell taldearen elastikoa defendatuko du lezoarrak aurten. Iaz, Euskal Mendizale Federazioaren zuzendaritzan aldaketa eman ondoren (bertako zati da Euskal Herriko Mendi Selekzioa) uko egin zion Iñarrak haiekin lehiatzeari, hainbat tirabiraren ondorioz. Horien artean, zalantzan jarri zuten aurreko selekzioan zeudenen kirol maila. Bada argudio horri erantzuten ari da lezoarra, dakien bezala lehiatuz: profesionaltasunez, gogoz, prestaketa egokiarekin, eta emaitzak lortuz. Horren erakusle da aurten daraman martxa egokia.
Skyrunner World Series Munduko Kopako zazpi lasterketa egingo ditu Iñarrak aurten. Lehena igandean du, Frantziako Skyrace des Matheysins (Saint Honore herrian, Alpeetan). 25,5 kilometrokoa da, 1.850 metroko desnibel positiboarekin. Beste bost egin ondoren, azkena, Gorbeia-Suzien izango du, urriaren 8an; azken hau final antzekoa izango da, puntuazio bereziarekin.