Koalizioak azaldu duenez, "datozen garai berrietarako prestatzen joateko" asmoz antolatu dute hitzaldi zikloa. Hilaren 17an izango da lehenengoa, Gerardo Pisarello Proces Constituent Kataluniako taldeko kidearen eskutik. Hitzaldien ondoren hausnarketa eta eztabaida sortzea dute helburu.
Orereta-Errenteriako EH Bilduk foro bat irekiko du hilaren 17an,
Burujabetzaren hariak izenekoa. Koalizioak azaldu duenez, “datozen garai berrietarako prestatzen joateko” asmoz antolatu dute hitzaldi zikloa. “Orain kontsignak direnak —ekologia, prozesu konstituziogilea, feminismoa…— eztabaidatu nahi ditugu”, azaldu du Joseba Barriolak. Horrela, lau hitzaldi presatu dituzte, bat hileko, hilaren 17tik hasita. “Hitzaldiak motzak izango dira, eta helburua parte hartzaileen artean hausnarketa eta eztabaida sortzea izango da”, zehaztu du Beñat Irasuegik. Gainera, hitzaldi bakoitzean jorratuko duten materiala banatuko dute.
Joseba Barriola eta Beñat Irasuegi, ‘Burujabetzaren hariak’-en kartelarekin
Adierazi dutenez, euren nahia parte hartzaileek hitzaldi guztietan izatea da, “formaziorako delako, batetik, eta jendea eztabaidara ohitutzeko, bestetik”. Zikloa koalizioaren barnera begira antolatu ez dutela nabarmendu dute, eta Oarsoaldean “pentsamendu kritikoa landu nahi duen edonori” zabalduta dagoela esan dute. Izena eman behar da —materiala banatu behar delako—, eta horretarako
ehbilduoe@gmail.com helbidera idatzi beharko dute, edo laster zabalduko duten
burujabetzarenhariak.eus webgunean sartu. Udazkenera begira, beste ziklo bat antolatuko dutela adierazi dute EH Bilduko kideek.
Katalunia, lehena hizpide
Hitzaldi guztiak Mikelazulo elkartean izango dira, larunbatetan, 10:30etik aurrera. Lehenengo saioan gonbidatua Gerardo Pisarello Kataluniako Proces Constituent taldeko kidea da. Talde horrek prozesu konstituziogilea eskatzen du, eta ezkerreko alderdietan eragina izatea bilatzen dute. Izan ere, prozesu konstituziogile hori ikuspegi sozial batetik izatea dute xede. Gainontzeko hitzaldiak honakoak izango dira:
- Otsailak 14: Estatugintza prozesua Euskal Herrian, EHUko irakasle Jule Goikoetxea eta Mario Zubiagarekin.
- Martxoak 14: Burujabetza eta herrigintza, Joseba Azkarraga Etxagibel (EHUko irakaslea).
- Apirilak 11: Ekonomia feminista burujabetzarako trena, EkoSolFem taldeko bi kiderekin (zehazteke).