Homofobiari kolore biziko erantzuna eman diote

Homofobiaren Aurkako Zebrabidea margotu zuten bart; hamarnaka lagun bildu ziren Iztietan
homofobiari aurre egiteko zebrabidea

Homofobiari erantzuteko zebrabidea margotuta, talde argazkia egin zuten

Homofobiaren Aurkako Zebrabideari eskualdi berria eman zioten atzo iluntzean, polizia batek Vicente Vadillo Francis trabestia hil eta 36 urtera. EHGAM, Saretuz eta Iztietako Gurekin Auzo Elkarteak 23:00etan jarri zuten zita, homofobiari erantzun, Francis omendu eta sexu identitateen askatasuna aldarrikatzeko. Ordua egokiena ez bazen ere, hamarnaka lagun bildu ziren Iztieta eta Erdigunearen arteko zubi lana egiten duen zebrabidean.

Brotxei heldu baino lehen, Mikel Martin LGTBI askapen mugimendu kide historikoak hartu zuen hitza. Francis hil zuteneko eguna gogorarazi zuen, eta bera omentzeaz gain, atzoko ekitaldiak bazuen beste arrazoirik: “Zein polita den zebrabidea transformatzea, transmutatzea, transportatzea, transozeanikoa bilakatzea”. Gainera, atzo hil zen Pedro Zerolo LGTBI aktibistarentzako hitzak ere izan zituen. Eraso homofobiko eta matxisten kontrako aldarria ere eraman zuen Iztietara, eta sexu identitateen aniztasuna nabarmendu zuen.

Lau urte barru 40 urte beteko dira Francisen hilketa gertatu zenetik, eta ordurako ekitaldi berezi bat iragarri zuen Martinek. Bitartean, baina, ortzadarraren koloredun zebrabidea mantentzeko nahia adierazi zuen. Hori esan eta lanari ekin zioten: hamarnaka herritarrek sei koloreak margotzeko sei brotxak eskuz esku pasatu zituzten, auzolanean homofobiari kolore biziz erantzuteko. Lanak bukatuta, talde argazkia atera zuten, eta ondoren photocall-a egin zuten.

[nggallery id=72]

Ekarpen bat

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend