'Dispertsio madarikatua' du izena kantak, eta doinu horietan oinarrituz, maiatzean lipdub-a egingo dute, presoen eskubideen alde.
Hilaren 10ean Bilbo eta Baionako kaleetan egin zituzten presoen eskubideen urraketen kontrako manifestazioetatik, modu sinbolikoan, “Giza Eskubideen Trena” atera zen, eta Oiartzunen prest daude bagoietara igotzeko. Izan ere, herriko presoek zein beren senideek pairatzen duten dispertsioari ezetz ozen esan nahi diote. Eta ez oihu eginez, musikaren bitartez baizik. Horregatik, Sare Herritarraren ekimenez, oiartzuar talde batek
Dispertsio madarikatua abestia sortu du.
Sare Herritarrak Kastroko iturrian aurkeztu zuen kanta
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten kanta, eta bertan adierazten den bezala, dispertsioa “ilegala, bidegabea, krudela, zigorra” da Sare Herritarraren ustez.
Kanta, baina, “erronka polit baten hasiera” besterik ez dela jakinarazi zuten. Datorren maiatzean, lipdub-a grabatu nahi dute Oiartzunen,
Dispertsio madarikatua-ren doinuekin dantza eginez. Horregatik, oiartzuar guztiak animatu dituzte abestia ikas dezaten: “Nerabe, zahar, ume, gazte zein helduon ahotan, doinu berri honekin dantzan jartzen ditugun hitzak eta argiak izango dira dispertsioaren aurkako salaketan”. Udalerriko kaleak, lantegiak, ikastetxeak, bulegoak, komertzioak, tabernak, mendiak eta beste hainbat txoko
Dispertsio madarikatua kantaren doinuekin betetzeko dei egin zuen Sare Herritarrak. Abestia ikasten hasi nahi duenak, herriko tabernetan eros dezake diskoa, borondatearen truke.
“Argi dago”, gaineratu zuten agerraldian, “Bilbo eta Baionatik atera zen trenak gaur eta hemen baduela Oiartzungo lehen geldialdia. Igo zaitez, beraz, zu ere Giza Eskubideen Trenera eta lipdub-aren geltokian elkartuko gara!”. Horrela, udaberrian, herriko kale eta plaza musika “musika eta kolorez” betetzen, “azken helmugara” iristeko indarrak hartuko dituztela ziurtatu zuten, “euskal presoen eskubideen urraketaren amaierara”, alegia. Bukatzeko, abestiaren pasarte bat gogorarazi zuten: “Buka dezagun honekin, elkar gaitezen denok batera, indarrak batuz lortuko dugu, lortu behar dugu!”.