Haurrentzako ekitaldiak, txistularien kontzertua eta eskuzko pasakako finala jokatu dituzte
Txistularien Kontzertu Nagusia 42. aldiz egin dute gaur.
Batzuentzako goizik —edo eguerdirik— gogorrena izan da gaurkoa. Zalantzarik ez dago, baina, Oiartzunentzat egun handiena gaurkoa dela. Xanisteban Eguna da, jai eguna, eta atzoko parranda luzatzeko probestu dute askok. Goizeko sokamuturrera arte, batzuek.
Goizean, baina, bada nagiak uxatu dituenik. Txistulariek goiz eresia egin dute, herriko kaleetan barrena. Kristau sinesdunek meza nagusirako txanda zeukaten gaur. Hori bukatuta hasi dira kaskoko kaleak biziberritzen. Beheko Plazan animaliak askatu dituzte, haurrentzako. Eguerdian, 42. Txistularien Kontzertua Nagusia hasi da, Kontzejupean. Lartaun txistulari taldekoak ez ezik, abesbatzakoak, Haurtzaro Dantza Taldekoak eta inguruko herrietako txistulariak ere izan dira bertan. Gainera, gonbidatu berezi batzuek ere parte hartu dute: Iñaki Zabaleta eta Alaitz Guridi abeslariek, Jon Ansorena eta Aritz Ezeiza txistulariek… Kontzertua bukatzean, toki berean, Eskuzko Pasakako Gipuzkoako Txapelketaren finala jokatu dute, hirugarren urtez.
Bazkarirako tartea hartuta, arratsaldean bueltatuko dira egitarauak zehaztutako ekitaldiak. Ekitaldi jendetsuena, ziurrenik, auzoen arteko sokatira txapelketa izango da. Ajeari aurre egiteko modu onena mugitzea baita.