Antolatzaileek jarritako helburuak bete direla esan du OlatuKoopeko kide Beñat Irasuegik. 1000 lagun inguru pasa ziren azokatik.
55 postu jarri zituzten azokan.
Merkatu Soziala egin zuten larunbatean Errenteria-Oreretan. Lehenengo aldia da hiriburuetako zirkuituetatik ateratzen dutela Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen Azoka eta herri batean egin dutena, eta lehenengo aldiz aritu da ere
OlatuKoop antolatzaile lanetan. Azokak emandakoarekin “pozik” azaldu da
Beñat Irasuegi OlatuKoopeko kidea: “Balorazio oso ona egin dugu antolatzaileek eta jarri genituen helburuak bete direla ikusi dugu. Batetik, jendea bertaratzea lortu dugu. Ekonomia sozial eraldatzailea oinarri lanena ari diren enpresa eta eragileak, eta norbanakoak, batzuk mundu hori hurbilagokoa dutenak, eta beste batzuk ez dutenak ezagutza zehatz bat”.
Sorpresa ere hartu dute, ekonomia eredu hori urruna duen jendea pozik joaten ikusi zutelako azokatik, eta espektatibak gaindituta. Hiriburuetan dagoen sartu irten azkarra eta masiboa ez dela izan larunbatean Merkatuzarren nabarmendu du Irasuegik, “izandakoek ordea, ez zuten begiratu bakarrik, informazioa eskatu zuten, postuetan zegoenaren gainean galdetu egin zuten. Hori oso garrantzitsua da, jendartean eredu hau zabaltzeko baliagarria delako”.
1000tik gora lagun bertaratu ziren Merkatuzarrera, eta kopurua esanguratsua den zalantzarik ez du OlatuKoopekoak. Gainera, aurten lehenengoz, azoka hutsa izatetik elkargunea izatera jauzi egin du merkatuak: “Aurten tailerrak antolatu ditugu azokan bertan. Tailer motzak izan ziren, interesgarriak eta parte hartzaileak gustura aritu ziren bertan. Gainera datorren urteari begira, arlo bakoitzean helburuak zehaztea zen eta bide horretan jarri gara, mutualismoa definitzea edota ekintzailetza sustatzeko lanean arituko gara”.
Azokaren bezperan, mintegia antolatu zuten.
Ekonomia sozial eta solidario batentzako tokiko politika publikoen gaineko hausnarketa egin zuten bildutakoek Xenpelar Etxean. Hori ere positiboa izan da Irasuegirentzat, “teknikari eta hautetsi batzuk eskatu dute formazio trinkoagoak egitea gaiaren gainean. Oarsoaldean badago zerbait egiteko asmoa harago. Espektatibak gainditu zituen mintegiak ere”.