Zaintza bi aldeetakoa delako
SOS Arrazakeriak eta Oarsoaldeko Mugimendu Feministak erresistentzia kutxa bat martxan jarri dute, egoera irregularrean dauden etxeko langileei laguntzeko.
COVID-19ak gogor kolpatu du, atzeraezinak diren ondorioak utzita. Osasun arloan izan du indarrik handiena, baina ekonomikoki ere arrasto ankerra utziko du pandemiak. Horregatik, SOS Arrazakeria elkarteak eta Oarsoaldeko Mugimendu Feministak etxeko langileentzako erresistentzia kutxa bat antolatu dute. Kolektibo zaurgarrienetakoa izateko lau aldagaiak dituzte: emakumeak dira, atzerritarrak, kontraturik ez dute, eta lan ikusezina egiten dute.
Tatiana Bellorin SOS Arrazakerian ari da lanean, etxeko langileen esparruan, Marling Castillorekin batera. Galdetegi bat bidali zieten 250 langileri, gehienak zaintzaileak. Batzuk lehenagotik fitxatuta zituzten, eta beste batzuek ahoz ahokoari esker izan zuten horren berri. «Konfinamenduaren hasieran, SOS Arrazakeriak eta etxeko emakume langileen taldekook inkesta bat egin genuen. Jakin nahi izan genuen nolakoa zen beren lan egoera zein pertsonal eta familiarra», esan du Bellorinek.
Horietatik, 40 dira egoera zaurgarrienean daudenak: lanpostua galdu dutenak daude eta beste batzuei lan jarduna %80 murriztu diete. Gainera, emakume horietako gehienak egoera irregularrean daude. «Horrek esan nahi du», azaldu du Bellorinek, «ezin dutela gobernuaren diru laguntzarik jaso. Gizarte zerbitzuetara laguntza eske joaten bazara, alokairu edo logela kontratu bat eskatuko dizute, logikoki. Emakume horiek modu irregularrean daudenez, ez dute kontraturik».
Gainera, emakume asko ez daude erroldatuta, eta ingurukoren batek mesedea egin eta ostatu eman die. Berdin gertatu da, beste kasu batzuetan, lana ematen dietenekin. «Interna dauden batzuk akordioetara iritsi dira bere enplegatzaileekin, eta euren lantokia den etxe horietan geratu dira. Kasu batzuetan, beren burua behartu dute etxean geratzera, lanpostua ez galtzeko. Izan ere, kutsatzen badira, ezingo dute zaintzen duten hori zaindu», azaldu du Bellorinek. Eta okerren daudenak dira etxera bidali dituztenak.
Elkarlana
SOS Arrazakeriako kide batzuk Oreretako Mugimendu Feministan engaiatuta daude, eta elkarlanerako aukera ikusi zuten, egoera larrian dauden emakume horiek laguntze aldera. «Guk ikusi genuen bai ala bai eman behar geniela laguntza. Izan ere, ere, mugimendu feministak azken urteetan landu duen zaintzaren diskurtsoarekin bat egiten du». Hitz horiek Irati Legorburu mugimendu feministako kidearenak dira.
Esan duenez, SOS Arrazakeriak darama egitasmoaren gidaritza, baina Oreretako Mugimendu Feministak lagundu zien crowfundinga antolatzen. Ez ziren horretara mugatu: kutxak jarri zituzten herriko hainbat establezimendutan [ikus zerrenda, behean]. «Emakume hauek diruaren berehalako beharra daukate, eta agian aukera azkarrena izango da kutxak jartzea. Dirua modu fisikoan izateko modu azkarrena da, baina crowfundinga alde batera utzi gabe. Denbora gehiago behar du, nahiz eta nahiko azkar egin dugun».
Errenteria-Oreretan ez ezik, eskualdeko beste herrietan ere jarri zituzten dirua biltzeko kutxak. Horregatik, gainontzeko udalerrietako kideekin kontsultatu eta indarrak batu zituzten. «Eskualde osoko mugimendu feministak bat egin du proiektuarekin. Horrela babes zabalagoa izango dugu. Gainera, egoera honetan dauden emakume asko ez dira Oreretan bizi, eta nolabait herritik atera eta hedatu nahi genuen», gaineratu du Legorburuk.
Crowfundinga ostiralean hasi zuten, eta atzo eguerdirako 4.000 euroren bueltan zebiltzan.
Erantzunarekin oso pozik daudela berretsi du Legorburuk, eta crowfundinga bera bukatu baino lehen hasiko direla dirua pixkanaka banatzen.
Lehentasun irizpideak SOS Arrazakeria elkartekoek ezarri dituzte. Bellorin: «Lehentasunen zerrendan aurrenak izango dira lanik gabe geratu diren etxeetako langileak eta familia dutenak. Horiekin batera daude bi orduko lanaldia eta familia ardurak dituztenak. Ditugun kasuak aztertu eta laguntzak bideratu behar ditugu, betiere etxeko langileei zuzenduta».
Legorburuk esan duenez nahiago lukete denentzako dirua lortuko balitz, baina orain lortutakoa lehentasunak dituzten emakumeei bideratuko zaie. Hala ere, ziurtatu du bere udalerrian —Errenteria-Oreretan— diru laguntzak lortzeko baldintzak asko arindu direla, krisi garai honetan beharra handitu eta zegoen «kaka pila agerian geratu» delako.
Berehalako diru likidezia behar dute ezer gabe geratu diren emakume horiek. Legorburuk azaldu duenez, gizarte zerbitzuengandik, agian, ez dute laguntzarik jasotzen. Eta, jasotzekotan, beranduegi irits daitekeela ohartarazi du: elikagaiak erosi behar dituzte, alokairua ordaindu… «Gerta liteke, gainera, laguntza hori nahikoa ez izatea».
Larrialdizko irtenbidea
COVID-19ak sortutako krisi egoeraren harira emandako irtenbidea da diru bilketarena, larrialdizko irtenbidea. Hala ere, arazoaren sustraietara jotzen du mugimendu feministak. Legorburu: «Etxeko langileen aitortza eskatzen dugu, eta beraien lan baldintzak duinak izatea. Argi geratzen ari da zein lan klase egiten ari ziren, beharrezkoa zela, eta zein garrantzia duen gure bizitzetan, nahiz eta gutxi baloratu zaien. Sistemak eduki ditu lanean inolako ikusgarritasun, berme eta eskubiderik gabe, eta orain sistema krisian dagoenean, kalera joaten lehenengoak beraiek izan dira».
Establezimenduen zerrenda
Errenteria-Orereta
- Zituene.
- Paki belardenda.
- Errenteria-Oreretako azoka.
- The Loaf.
- Kepa janari denda.
- Txolarre fruitu denda.
- Maryam Fanderiako liburudenda.
- Yoli gozodenda.
- Ogi Berri Beraun.
- Petit Caprice.
- Mirentxu liburu denda.
- Larrarte.
- Toki Eder.
- Joxe Mari harategia.
Lezo
- Zubitxo fruitu denda.
- Lopetegi harategia.
- Eroski.
Pasaia
- Antxoko azoka.
Oiartzun
- Labore.
Crowfundingan parte hartzeko, sakatu esteka honetan.