Inoizko Ikuskarik emankorrena izango da aurtengoa
3.000 film laburren artean 32 hautatu dituzte lehiaketa ofizialean parte hartzeko. Oarsoaldeko herri guztietan eskainiko dituzte aurten lanak estreinakoz.
Atzo goizean egin zuten, Pasaiako udaletxearen aurrean, Ikuskaren XXIII. ekitaldiaren aurkezpena. Trintxer Kulturalak udalarekin elkarlanean antolatzen duen lehiaketan parte hartuko duten obrak nazioarteko orotariko txokoetatik jasotako 3.000 lan baino gehiagoren artean hautatu dituzte aurten.
2021eko egitaraua Pasaiaz haratago joan da, proiekzioak Oarsoaldeko beste hiru herrietan ere (Lezo, Errenteria-Orereta eta Oiartzun) emango direlarik. Jasotako 3.000 film labur horien artean, 32 hautatu dituzte lehiaketa ofizialean parte hartzeko, eta beste 33 festibalaren ‘Sekzio paralelo’ bezala izendatu duten jardunaldietan eskaintzeko.
Epaimahaiak emango duen sari nagusiaz gain, beste hainbat taldek ere banatuko dituzte oroigarriak aurtengoan: Oarsoaldeko euskaltegietako ikasleek Mintzagun saria emango diote euskarazko film labur onenari; Bekoz Beko Elkarteko kideek izen bereko aitorpena emango diote emakumeen saileko gustokoenari; eta, azkenik, epaimahai gazteak (Andoaingo Zinema eta Bideogintza Eskolako 6 ikasle) Sari Gaztea emango dio lehiaketa ofizialeko labur bati.
Egitaraua honako albiste honetan irakur daiteke.