EHEk Donostiako manifestazioa aurkeztuko du bihar
EHE Euskal Herrian Euskarazek Sasi guztien gainetik… euskaldun eta burujabe leloarekin manifestaziora deitu du otsailaren 12rako Donostian (17:00etan aterako da Bulebarretik). Horren harira, Oreretako EHEk ekitaldia egingo du bihar eguerdian, 13:...
EHE Euskal Herrian Euskarazek Sasi guztien gainetik… euskaldun eta burujabe leloarekin manifestaziora deitu du otsailaren 12rako Donostian (17:00etan aterako da Bulebarretik). Horren harira, Oreretako EHEk ekitaldia egingo du bihar eguerdian, 13:15ean, manifestazioaren gaineko xehetasunak emateko. Horrekin lotuta, manifestua atera du EHEk, eta horri batzeko atxikimenduak biltzen ari da. Interesa daukanak EHEren webgunean egin dezake.
“Gaztelera eta frantsesa bilakatu dira hizkuntza hegemonikoak Euskal Herrian, nazio hizkuntza den euskara menpeko bihurtuz. Horregatik, euskarak betetzen zituen ia funtzio guztiak erdarek betetzen dituztenez, euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara gure herrian”, adierazi dute EHEtik. Ildo horretatik, euskaldunei “sasi artean ibiltzea” tokatu zaiela iritzi diote: “Sasi artean ibiltzea nekeza da, baina ez diogu euskaldun izateari uko egingo. Garenari eutsi behar diogu, munduko hizkuntza eta kultur aniztasunaren ondareari euskararen herri osasuntsuak bere-berezko ekarpena egiten jarrai diezaion”.
Horri buelta emateko “praktika burujabeen aldeko hautua” egin behar dela uste dute: “Zazpi euskaldun + erdaldun bat = zortzi erdaldun ekuazioarekin amaitu, eta euskaraz bizi den herria nabarmentzea ekarriko duen praktika”.
Horrez gain, Euskal Herri osoan euskarari “lehentasunezko estatusa” eman behar zaiola adierazi du EHEk. “Legeen zein prestigioaren bitartez eraiki beharreko lehentasunezko estatusa”, zehaztu du.