Udal gobernuak LZPren gainean izan duen “pasibotasuna” salatu du ezker abertzaleak
LZP Lurraldeko Zatikako Planaren prozeduraren gainean Errenteriako Udal Gobernu taldeak izan duen “pasibotasuna” kritikatu du Oreretako ezker abertzaleak. Gaur eguerdian Karlos Murua eta Santi Angulo zinegotziek adierazi dutenez, udal gober...
LZP Lurraldeko Zatikako Planaren prozeduraren gainean Errenteriako Udal Gobernu taldeak izan duen “pasibotasuna” kritikatu du Oreretako ezker abertzaleak. Gaur eguerdian Karlos Murua eta Santi Angulo zinegotziek adierazi dutenez, udal gobernuak herritarren eskubideak defendatzeari muzin egin dio, eta ez du ahalegin txikiena ere egin dokumentua eta horren eraginak aztertzeko.
Zinegotzi abertzaleek onartu dute planari mozioak aurkezteko epea motza izan zela, baina epe legalaren barruan udal gobernuak alegazioak aurkezteko ahaleginik ez zuela egin salatu dute. Ondoren, oposizioaren lanari esker, gaiaren inguruan hitz egiten “bi aldiz” aritu direla adierazi dute eta epez kanpo, gainera, eta hori ez dute nahikotzat jo.
Gaineratu dute Udalak aurkeztu dituen lau alegazioek (“aurreikusi gabekoak”) udal gobernuaren interesei jarraitzen dietela. Hala, udal arkitektoaren txosten ofizialak etxebizitzak eraikitzeko Udalak duen “obsesioa” agerian uzten duela iritzi diote.
Ezker abertzaleko zinegotziek LZPren dokumentua herritarren eta Udalen parte-hartzerik gabe osatu dela kritikatu dute, eta ildo horretatik, tramitazioa bertan behera uztea eta beste prozedura bat irekitzea eskatu dute.
Murua eta Anguloren arabera, planak iraunkortasunaren helburuak ez ditu jasotzen, landa eremua erasotzen du, eta etxebizitza eta industria eremuak “modu desproportzionatuan” handitzen ditu, “nahiz eta azken hamarkadan praktika horren gaineko kezka nagusitu den”.