OB: «Udal Gobernu Taldeak argudioak erabili beharrean mehatxuak erabili ditu berriro, bere kudeaketa kaskarra estaltzeko»
Azken egunetan Udal Gobernu Taldeak egin dituen adierazpenei erantzuna eman die OiartzunBaik (OB): «Udal Gobernu Taldeak argudioak erabili beharrean mehatxuak erabili ditu berriro bere kudeaketa kaskarra estaltzeko». Oposizioko taldetik nabarmendu dutenez, eurek Udal Gobernuak onetsitako aurrekontuak eta balantzeak «bakarrik» erabili dituzte kritika politikoa egiteko. Euren iritziz, OiartzunBaik argudioak erabiltzen dituen bitartean, Udal Gobernuak mehatxuak erabiltzen ditu. Hala, OBko kideek berretsi dute Udalak 2009ko likidazioa 1.771.895 euroko zuloarekin itxi zuela, eta Udalak berak ez duela hori gezurra denik esan, «errua beste batzuei bota baizik». Nahikoa esfortzurik ez OBren esanetan, Udalak ez du nahikoa esfortzurik egin krisi egoerara egokitzeko: «Krisi egoerara egokitzeko esfortzuak denok egin ditugu gure egunerokoan, beraz Udalak egin izana ez da harritzekoa, beharrezkoa baizik. Hala ere, egoera dena izanik, berresten dugu Gobernuak ez duela egin behar adinako esfortzurik». Horren erakusletzat dute atez ateko bilketa: «Interes alderdikoia besterik ez du eta Gobernuaren esanetan bosgarren edukiontzia baino merkeagoa da». Gainera, gogorarazi dute, behin eta berriro eskatu dituztela bosgarren edukiontziaren gaineko datuak, baina ez dutela ezer jaso. Udal Gobernuaren jarrera horrek argi erakusten du, OBren ustez, Gobernuak «parte-hartzea ulertzeko duen era xelebrea». Atez atekoaren gastuak Parte-hartzea ulertzeko era hori azaltzeko zabor bilketari buruzko hainbat datu eman dituzte OBko kideek. Batetik, 2009ko aurrekontukoak: [...]
Azken egunetan Udal Gobernu Taldeak egin dituen adierazpenei erantzuna eman die OiartzunBaik (OB): «Udal Gobernu Taldeak argudioak erabili beharrean mehatxuak erabili ditu berriro bere kudeaketa kaskarra estaltzeko».
Oposizioko taldetik nabarmendu dutenez, eurek Udal Gobernuak onetsitako aurrekontuak eta balantzeak «bakarrik» erabili dituzte kritika politikoa egiteko. Euren iritziz, OiartzunBaik argudioak erabiltzen dituen bitartean, Udal Gobernuak mehatxuak erabiltzen ditu.
Hala, OBko kideek berretsi dute Udalak 2009ko likidazioa 1.771.895 euroko zuloarekin itxi zuela, eta Udalak berak ez duela hori gezurra denik esan, «errua beste batzuei bota baizik».
Nahikoa esfortzurik ez
OBren esanetan, Udalak ez du nahikoa esfortzurik egin krisi egoerara egokitzeko: «Krisi egoerara egokitzeko esfortzuak denok egin ditugu gure egunerokoan, beraz Udalak egin izana ez da harritzekoa, beharrezkoa baizik. Hala ere, egoera dena izanik, berresten dugu Gobernuak ez duela egin behar adinako esfortzurik».
Horren erakusletzat dute atez ateko bilketa: «Interes alderdikoia besterik ez du eta Gobernuaren esanetan bosgarren edukiontzia baino merkeagoa da». Gainera, gogorarazi dute, behin eta berriro eskatu dituztela bosgarren edukiontziaren gaineko datuak, baina ez dutela ezer jaso.
Udal Gobernuaren jarrera horrek argi erakusten du, OBren ustez, Gobernuak «parte-hartzea ulertzeko duen era xelebrea».
Atez atekoaren gastuak
Parte-hartzea ulertzeko era hori azaltzeko zabor bilketari buruzko hainbat datu eman dituzte OBko kideek. Batetik, 2009ko aurrekontukoak: «Kale garbiketarako eta zabor bilketarako 980.000 euro aurreikusi ziren: San Markoko Mankomunitateari ekarpena, 400.000 euro; fatxada garbiketa, 5.000 euro; edukiontziak, 10.000 euro eta Cespa enpresaren (kale garbiketaz eta zaborra biltzeaz arduratzen dena) kontratuari zegokiona 565.000 euro. Urtea bukatzean, Cespari 550.000 euro inguru ordaindu zitzaizkion Oiartzungo kaleak garbitzeagatik eta zaborra gaika lau edukiontzitan biltzeagatik».
Bestetik, 2010eko aurrekontuko datuak ere eman dituzte: «1.400.000 euro aurreikusi ziren zerbitzu bera emateko, baina oraingoan atez atekoa martxan jarriz maiatzean. Cesparen kontratuaren aurrekontua 787.225 eurora igo zen. Kontratu horri eta lehen aipatutako partidei, berriak gehitu zizkion Gobernuak: informazio bulegoa, 126.000 euro; publizitatea, 66.000 euro; zaborren kudeaketaren kontratua, 60.000 euro…».
OBk jakinarazitako datuen arabera, 2010ean Cespari ordaintzeko onartutako obligazioa, ordea, 826.450 eurokoa da, aurreikusitakoa baino 40.000 euro gehiago, eta atez atekoari zuzenean egindako publizitatean 64.000 euro gastatu zituen Udal Gobernu Taldeak, baina horrez gain, jakin nahi dute zenbat diru gehiago bideratu duten atez ateko bilketa, bestelako publizitate eta komunikazioetarako: «Gainera, atez atekoaren publizitatea nahierara eman zioten Hernanikoa eta Usurbilgoa egin dituen enpresa berari».
Atez atekoaren diru sarrerak
Atez atekoaren diru sarrerak ere kritikatu ditu OBk, eta dio ez dela betetzen Gobernuak aurreikusitakoa: «Sarreretan, tasez gain, gaika bildutako birziklagarriak saltzetik jasoko zela aurreikusi zena ere ez da betetzen: aurrekontuan 77.220 euro bilduko zirela aurreikusi zuen Gobernuak eta 2010eko abenduaren 31n 6.890 euro ziren bildutakoak eta beste 12.000 onartutako obligazioak». Bestalde, OBk nabarmendu du aurrera begira bilduko dena edo ez dena, neurri kautelar baten mende dagoela, eta epaitegietan dagoela gai hori ere.
2011ko aurrekontua
Azkenik, 2011ko aurrekontuan kale garbiketarako eta zabor bilketarako bideratu den kopurua 1.500.000 eurokoa dela gogorarazi du OBk, iaz baino 100.000 euro gehiago, nahiz eta atez atekoa urte guztian egon martxan: «Cesparen kontratuaren aurreikuspena 1.122.000 eurokoa da, iazkoa baino 350.000 euro gehiagokoa, 2009ko 550.000 euro haietatik oso urrun».
Datu guztiak udal aurrekontuetatik eta balantzeetatik atera dituztela nabarmendu dute OBko kideek, eta ez direla ez gezurrak ezta azpijokoak ere, «kudeaketa kaskar baten isla baizik».
Eta argitu dute Gobernua dela gezurretan dabilena: «Aurrekontuek 2010eko abenduaren 29an jaso zuten hasierako onarpena. Urtarrilaren 5ean kaleratu zuten auzo bilerak iragartzeko bandoa. Alkateak esan du irratian eta egunkarietan beharrezko aldaketak egiteko prest dagoela aurrekontuak behin betiko onartu aurretik. Hori ezinezkoa da, legeak ez baitu baimentzen horrelakorik egiterik».
Hala, Udal Gobernu Taldeari eskatu diote Udala kudeatzeko, «horretarako izan baitziren aukeratuak», eta ez ditzatela interes alderdikoiak defendatu, «horretarako diru kopuru izugarriak bideratuz». OBren ustez, gainera, «informazioa ezkutatuz eta parte-hartzea debekatuz jokatzen ari da Udal Gobernua».