Allerru-Algeposak 3-7 galdu du Bekoerrotan
Allerru-Algeposak ezin izan zuen Aretxabaleta talde arabarra etxean gainditu. Atearen aurrean gehiago asmatu zuten Legutiokoek eta 3-7 irabaztea lortu zuten. Entrenatzaile aldaketa egin dute lezoarrek. Oscar Iglesiasek berriro hartu du berdeen lema, Ja...
Allerru-Algeposak ezin izan zuen Aretxabaleta talde arabarra etxean gainditu. Atearen aurrean gehiago asmatu zuten Legutiokoek eta 3-7 irabaztea lortu zuten.
Entrenatzaile aldaketa egin dute lezoarrek. Oscar Iglesiasek berriro hartu du berdeen lema, Javi Mirandaren ordez. Hala ere, “entrenatzaile berria, garaipen ziurra” topikoa ez zen bete larunbateko partidan.
Gogor hasi ziren kanpokoak, zortzigarren segundurako lehen gola sartu baitzuten. Gol hori dela eta, baloiaren jabetzaz nagusitu ziren arabarrak. Lezoarrek baloia gutxi izan zuten, baina aukerak sortu zituzten eta partida berdintzea lortu zuten. Hurrengo aukeran zutoinera bota zuten baloia lezoarrek eta kontraerasoan bigarrena sartu zuten arabarrek. Berriro ere berdintzea lortu zuten Iglesiasen mutilek, penalti bidez. Atsedenaldira iritsi baino lehenago, gol bana sartu zituzten bi taldeek.
Atsedenaldiaren ondoren, lezoarrak izan ziren kantxan agintea hartu zutenak. Hala ere, kanpotarrek laugarren gola sartzea lortu zuten. Allerru-Algeposak ez zuen etsi eta aukerak izaten jarraitu zuen. Azkeneko minutuetan gora jo zuten, nabarmen, lezoarrek. Horrela, arabarrek, azkeneko hiru golak sartu zituzten. Alde handiegia lortu zuen Aretxabaleta taldeak.
Hamahirugarren postuan daude orain lezoarrak, hamasei punturekin. Aretxabaleta da zortzigarren postuan dagoena (maila mantentzeko balio duena), 27 punturekin.