Urrezko 30 domina, piano joleentzat
Pasa den asteburuan egin zuten Andoainen VI. Piano Jaialdia. Lehiara aurkeztu ziren Hondarribiko, Errenteria-Oreretako eta Oiartzungo musikariak eta hainbat domina lortu zituzten. Zehazki, urrezko 30 domina eskuratu zituzten eta zilarrezko hamasei.
Hondarribiko Musika Eskolako ikasleek, urrezko lau domina eta zilarrezko zortzi lortu zituzten. Miren Erostarbe, Esther Barandiaran eta Maite Elizondoren ikasleak dira saridunak.
Errenteria Musikaleko piano joleek, berriz, zazpi urre eta lau zilar eskuratu zituzten. Begoña Lasarteren eta Alicia Parraren ikasleak dira.
Oiartzungo Ibargain Musika Eskolako kideek, azkenik, urrezko hemeretzi domina eta zilarrezko lau irabazi zituzten. Arantza Guinea eta Maite Perurena piano irakasleen ikasleak dira guztiak.
Hiru herrietako musika eskoletatik ikasleak eta irakasleak zoriondu dituzte, egindako lan onagatik.
Aurtengoa pasatuta, dagoeneko datorren urteetara begira jarri dira musikariak eta prestatzen jarraituko dute. «Hurrengo urteetan zaila izango da erakutsitako ilusioa, lana, partaidetza, giroa eta emaitzak gainditzea, baina saiatu, saiatuko gara», esan dute Ibargain Musika Eskolatik, adibidez.