Israeli boikota aldarrikatu dute
Hondarribiko Ostalarien Elkarteak martxoaren 9tik apirilaren 1era antolatutako Israel, bere gastronomia Hondarribian izeneko jardunaldiak bertan behera uztea erabaki du. Irungo Askapenak eta Komite Internazionalistak ekimena salatu dute eta erakunde pu...
Hondarribiko Ostalarien Elkarteak martxoaren 9tik apirilaren 1era antolatutako Israel, bere gastronomia Hondarribian izeneko jardunaldiak bertan behera uztea erabaki du. Irungo Askapenak eta Komite Internazionalistak ekimena salatu dute eta erakunde publiko eta antolatzaileei jarrera sionista leporatu diete. Ostiral eguerdian, elkarretaratzea egin zuten Udaletxe parean, eta bertan, eskualdeko PACBI dokumentuaren hainbat sinatzaile bildu ziren, “Palestinar herriaren kontrako genozidioa dirauen bitartean, Hondarribian antolatzekoa zen bezalako ekitaldiak ezin dira gurean onartu”, azaldu zuten ekitaldian.
Euskal Herriko hainbat erakunde publikok, eta beste hain beste elkarte eta giza taldek bat egin dute Israelen kontrako boikot kanpainarekin. Ostalariek antolatutako jardunaldien aurkezpenean Espainiako Israelgo Enbaxadako ordezkariez gain, sukaldari israeldarrak eta Golan Gaineko ardoen dastaketa egin behar zuten. Elkarretaratzean salatu zutenez, “Golan Israelek okupatutako lurraldea da, eta bertako ardo dastaketa egitea palestinar herria iraintzea da”. Hau honela, Israelgo jardunaldiak bertan behera utzi izanagatik eskertu dute, eta Hondarribiko Ostalaritza Elkarteak urtero antolatu ohi dituen jardunaldi gastronomikoetan herri zanpatuen gastronomia ezagutzera ematea proposatu dute.
Bestalde, eskualdeko zenbait komunikabidek ostalariek mehatxuak jasan dituztela aipatu zuten ostiralean bertan. Presio hori dela eta, jardunaldiak bertan behera utzi dituztela azaldu zuten. Honela, gezurretan aritu den komunikabide ororen kontrako salaketa judiziala egingo dutela iragarri zuten.