‘Errautsak’ obrari eman diote Donostia Antzerki saria
Herriko antzerki talde batek parte hartzen du Errautsak ekimenean, eta gaur jakinarazi dutenez, Donosti Antzerki Saria eman diote antzezlan horri. Zehazki, Artedramak, Le Petit Theatre de Pain-k eta Dejabu panpin laborategiak (Errenteria-Orereta) elkar...
Herriko antzerki talde batek parte hartzen du Errautsak ekimenean, eta gaur jakinarazi dutenez, Donosti Antzerki Saria eman diote antzezlan horri. Zehazki, Artedramak, Le Petit Theatre de Pain-k eta Dejabu panpin laborategiak (Errenteria-Orereta) elkarlanean sortutako obra tragikomikoa da Errautsak, eta joan den azaroaz geroztik Euskal Herriko agertokietan ari dira taularatzen, oso harrera onarekin.
Hainbar urte elkarren berri izan gabe igaro ondoren, sei protagonistak (Ximun eta Manex Fuchs, Ander Lipus, Miren Gaztañaga, Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo aktoreak), 40 urte ingurukoak, lagun baten hiletan elkartu dira berriro, eta gau oso batez gaztaroko kontuak —sexua, droga eta rock-and-rolla— ekarriko dituzte gogora, garai hartako musikaz lagunduta (Kortatu, Delirium Tremens, Itoiz…). Obrak aurrera egin ahala gaur egungo norbere miseriak ere azaleratuko dituzte. Ximun Fuchs arduratu da taula zuzendaritzaz, eta Igor Elortza eta Una Iturriaga elkarrizketak orrazteaz.
Errautsak-en hurrengo emanaldia martxoaren 20an izango da, Ondarroan. Saria emateko ekitaldia berriz, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo da, martxoaren 27an, 20:00etan, Victoria Eugenia antzokian. Ondoren, Errautsak taularatuko dute.