Zortzi ibilgailu kiskali dira Irunen izandako sutean
Zortzi ibilgailu erre dira goizaldean Irungo Esteban Perez Yerobi kaleko aparkalekuan izandako sutean. Polizia iturrien arabera, ez dago gertakaria kale borrokarekin lotzeko arrazoirik.
Sutea gaur goizaldean piztu da Esteban Perez Yerobi kalean aparkatuta zegoen furgoneta batean, 05:00ak aldera. Kale horretako aparkalekuaren ezaugarriengatik –bateria sisteman, bi lerro kalearen erdian–, sua erraz hedatu da inguruko ibilgailuetara. Suhiltzaileak iritsi direnerako, furgoneta eta beste hiru auto erabat kiskali dira, eta beste lau ibilgailuk kalte larriak izan dituzte.
Ertzaintza hainbat orduz aritu da gertakaria ikertzen eta, hasiera batean behintzat, ez dute sutea eragindakoa izan denaren zantzurik aurkitu.