EAJk Gizarte Larrialdiko Laguntzen gaineko mozioa erretiratu egin du
Gizarte Larrialdiko Laguntzen gaineko mozioa aurkeztu zuen EAJ alderdiak joan den ostiralean egindako udal osoko bilkuran. Bertan, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako Sailak Gizarte Larrialdietako Laguntzen gainean onartutako urtarrilaren 19ko agindua bertan behera uzteko eskatzen zuen. Horrekin batera, araudia onartzeko garaian udalen iritzia aintzat hartzeko eskatzen zuen mozioak. Lan eta Gizarte Gaietako sailaren aginduarekin, Giza Larrialdietako Laguntzentzat aurreikusitako diru zatia murrizteaz gainera, zorroztu egin dituzte laguntza horiek jasotzeko bete beharreko baldintzak eta “laguntza eskatzen duten askok, benetan egoera larrietan daudenak gainera, ez dute ezertxo ere jasoko”, azaldu zuen Maite Peña EAJko zinegotziak. Ezker abertzaleko zinegotziek urrutirago joateko beharra nabarmendu zuten eta mozioari hirugarren puntu bat eranstea proposatu zuten: iaz emergentzia laguntza jaso zuten lagunei aurten ere eman ahal izateko falta den dirua udalak jartzea, behinik behin. Agindua bertan behera uzteko eskatzeak ezer gutxirako balio duela nabarmendu zuten talde abertzaleko zinegotziek “egoera larrienean bizi diren herritarrek laguntza jasoko dutela bermatzeko bitartekoak jartzen ez baditugu”. Azken proposamen horren aurrean, EAJko Maite Peñak bere taldeak aurkeztutako mozioa erretiratzea erabaki zuen, “halako erabakia ezin delako bost minutuan hartu eta ongi aztertu beharra dagoelako”. Hala, gaiarekin jarraitzeko asmoa azaldu zuen Peñak. Etorkinen boto eskubidea SOS Arrazakeria taldeak herrian bizi diren etorkinen boto eskubidearen aldeko [...]
Gizarte Larrialdiko Laguntzen gaineko mozioa aurkeztu zuen EAJ alderdiak joan den ostiralean egindako udal osoko bilkuran. Bertan, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako Sailak Gizarte Larrialdietako Laguntzen gainean onartutako urtarrilaren 19ko agindua bertan behera uzteko eskatzen zuen.
Horrekin batera, araudia onartzeko garaian udalen iritzia aintzat hartzeko eskatzen zuen mozioak. Lan eta Gizarte Gaietako sailaren aginduarekin, Giza Larrialdietako Laguntzentzat aurreikusitako diru zatia murrizteaz gainera, zorroztu egin dituzte laguntza horiek jasotzeko bete beharreko baldintzak eta “laguntza eskatzen duten askok, benetan egoera larrietan daudenak gainera, ez dute ezertxo ere jasoko”, azaldu zuen Maite Peña EAJko zinegotziak.
Ezker abertzaleko zinegotziek urrutirago joateko beharra nabarmendu zuten eta mozioari hirugarren puntu bat eranstea proposatu zuten: iaz emergentzia laguntza jaso zuten lagunei aurten ere eman ahal izateko falta den dirua udalak jartzea, behinik behin. Agindua bertan behera uzteko eskatzeak ezer gutxirako balio duela nabarmendu zuten talde abertzaleko zinegotziek “egoera larrienean bizi diren herritarrek laguntza jasoko dutela bermatzeko bitartekoak jartzen ez baditugu”.
Azken proposamen horren aurrean, EAJko Maite Peñak bere taldeak aurkeztutako mozioa erretiratzea erabaki zuen, “halako erabakia ezin delako bost minutuan hartu eta ongi aztertu beharra dagoelako”. Hala, gaiarekin jarraitzeko asmoa azaldu zuen Peñak.
Etorkinen boto eskubidea
SOS Arrazakeria taldeak herrian bizi diren etorkinen boto eskubidearen aldeko mozioa aurkeztu zuen, bestetik. Horren harira, “bozkatzeko eskubidea izan gabe, integrazioa lortzea” zaila dela nabarmendu zuen Hamaikabateko Joxe Mari Burgosek.
Iritzi bera azaldu zuen EBko Jose Manuel Ferradasek eta udalak herritarrek parte hartzeko “jartzen dituen trabak” salatu zituen. Izan ere, edozein taldek aurkeztutako mozioa eztabaidatu ahal izateko alderdi politikoek aurkeztu behar izaten dituzte.
Ezker abertzaleko zinegotziek ere bat egin zuten mozioarekin, eta “askok urteak zergak ordaintzen badaramate ere, eskubiderik ez dutela” salatu zuten. Gaineratu zutenez, “bertan bizi garen askok ezingo dugu hautagai izan eta ezta guk nahi duguna bozkatu ere” alderdien legea dela eta.
SOS Arrazakeriaren mozioak aurrera egin zuen Hamaikabat, EAJ, EB eta ezker abertzalearen aldeko botoekin. PPk kontra bozkatu zuen eta PSE-EEk abstentzioa “gai hori orain gutxi Parlamentuan landu delako eta udala ez delako horretarako gunea”.